Zarautz | Martxan da abendura arteko kultur egitaraua

Guztira 29 jarduera antolatu dira hiru hilabete hauetarako, "bertako artisteen aldeko apustua eginez"

30.09.2021 | 00:39
Sanz Enean aurkeztu dute egitaraua. Argazkia: A.Z.

ZARAUTZ– Dagoeneko eman diete hasiera Zarauzko herritarrek Udalak aurkeztu duen abendura bitarteko kultur egitarauari. Hamaika egiteko izango dira hiru hilabeteetan zehar musika ikuskizunak, literatura jarduerak eta erakusketak, kasu. Horren berri eman zuten atzo Sanz Enean ospatutako agerraldian kultura arloko ordezkariek.

Guztira 29 jarduera antolatu dira urritik abendura, artearekin lotutako diziplina ezberdinak biltzen dituztenak."Bertako artista eta sortzaileen aldeko apustua egin da, nahiz eta tartean konpainia galiziar, katalan eta greziarrak ere izango diren. Programa anitza eta kalitatezkoa osatu dela uste dugu", azaldu zuen kultura zinegotziak, Irune Urbietak. Zentzu honetan, herriko hiru lekutan izango dira ekitaldiak: Sanz Enean, Torre Luzean eta Modelo aretoan. Sarrerak gaur jarri dira salgai Kutxabanken sarrera plataforman eta Modelo aretoko txarteldegian, irekita dagoen bitartean.

Ikuskizunen artean izango dira esaterako, Idoia Asurmendiren kontzertua (abenduaren 23an); Xabier Egaña artista zarauztarraren bi erakusketa (Torre Luzean eta Merkatu plazan, urria eta azaroa artean); edo urteroko hitzordua bilakatu den Eskudero gala (urriaren 8an).

Programazio osoa jada Zarauzko Udalaren webguneko Agenda atalean kontsulta daiteke. Aurten, ordea, ez da papel agendarik aterako. Hilabeteko kartel orokorrak argitaratuko dituzte, eta bakarkakoak ere jarriko dira. Bestalde, sarean emango da ikuskizunen berri.

sanz enea Irakurketa Txokoa eta Literatur Solasaldiak egiten jarraituko dute Sanz Enea liburutegian. Horrez gain, egoerak hobera egin duela eta hemeroteka ireki dutela iragarri dute, beraz irakurri daitezke egunkariak eta aldizkariak liburutegian.

noticias de noticiasdegipuzkoa