zarautz - Pandemia medio, formatu txikiagoan antolatu behar izan dute bigarren urtez jarraian Kalerki, baina "eutsi nahi izan zaio jaialdiaren izpirituari". "Kalean udan kalitatezko kultur eskaintza egitea bertakoentzat zein bisitarientzat". Horixe da Xabier Txurrukaren hitzetan helburua. Hala, bi programaren bidez arte eszenikoen diziplina ezberdinak kalera itzuliko dira uda honetan: Kalerki eta Antzerkia Familian.

Kalerki jaialdia ekainaren 29tik uztailaren 4ra izango da. Sei egunetan, egunean emanaldi bat eskainiko da. Sei konpainia horietatik lau Euskal Herrikoak dira eta beste biak: bat, Burgoskoa; eta bestea, Kataluniakoa. "Nagusiki, bertako konpainiekin lan egin nahi izan dugu, 2020an hartuta zeuden eta bertan behera geratu ziren konpainien konpromezuari eutsiz, eta ikuskizunen espazioak egungo osasun neurriak betetzeko eta aforoak bermatzeko moldatu ditugu", azaldu zuen alkateak. Diziplinei dagokionez, hiru ikuskizun dantzakoak dira (Kukai dantza taldea uztailaren 2an; Hika+ Oinkari uztailaren 3an eta Cia. Moveo uztailaren 4an); bi zirku ikuskizunak dira (Berdinki ekainaren 29an eta Tiritirantes uztailaren 1ean), eta bat, euskarazko antzerkia (Trapu Zaharra ekainaren 30ean). Emanaldi guztiak Munoa plazan egingo dira, eserita, aforo neurri guztiak bermatuz. Ostiraleko eta larunbateko ikuskizunak 22.00etan izango dira eta gainontzekoak, aldiz, 20.00etan izango dira.

Neguan Modelo aretoan igandetan egin den Antzerkia Familian programaren jarraipena emango diote, baina ikuskizunak kalera aterako dituzte. Uztaila eta abuztuko ostegunetan Villa Manuelako frontoian arratsaldeko 19.00etan izango dira. Guztira zazpi ikuskizun programatu dira, horietatik konpainia bat madrildarra da, bestea katalana, eta gainerakoak, euskal konpainiak.

Sarrerak doan eskuratu ahal izango dira emanaldiaren egun berdinean Modelo aretoko leihatiletan, 18.00etatik aurrera. Sarrerarik soberan geratuko balitz, emanaldiak egingo diren gunean ere banatuko dira.