- Martxan da uda honetako hondartza denboraldia Zarautzen. Ahalik eta ondoen igaro dadin, "hondartza arduraz erabiltzeko eta hartutako neurriak errespetatzeko" eskatu dute Udaletik. Hein berean, hainbat xehetasun eman dituzte: kontrolerako jarraituko den sistema iazko bera izango da. Zonalde batean baimendutako gehieneko erabiltzaile kopurura iristen den unean, gune horretako sarbidea itxi egingo da, eta gainerako sarreretatik bakarrik sartu ahal izango da. Hondartzaren edukiera, bestalde, 10.30etik 18.30era kontrolatuko da, soilik.

Hamar sarbide izango dira, iaz baino hiru gehiago, eta horietan jendea zenbatuko da hareatzaren edukiera kontrolatzeko. Hamar sarrera horiek hamar gunetan banatuko dute hondartza, eta eremu bakoitzeko gehienezko jende kopurua egongo da. Marearen egoeraren arabera, halaber, eremu bakoitzaren edukiera murriztu edo handitu egingo da.