- Egoerak hala behartuta, Getariako San Prudentzio auzoko jaien programaren baitan igande honetarako antolatua zuten Ekoizle Txiki eta Jasangarrien Sanpruentzako I. azoka bertan behera geratuko da. Dena den antolatzaileek azaldu dutenez, bertaratzekoak ziren 17 ekoizleekin hitz egin dute dagoeneko eta aukera ikusten dutenean ospatuko dute.

Nolanahi ere, San Prudentzio Lagunak auzo elkarteak bertso saioa bere horretan uztea erabaki du. Larunbatean izango da, 18.00etatik aurrera, auzoko ermitan. Prebentzio neurri guztiak betetzeko, %50eko aforoa edukiko du ekitaldiak, eta beraz, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea Harritarten. XimaurFest izena jarri diote saioari. Bertan arituko dira Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak, buruz buru. Herritarrak bertaratzera animatu dituzte.