Zirta, herriko espazio libre eta berria

15.03.2021 | 00:19
Proiektuaren atzean ibili diren hainbat gazte. Argazkia: N.G.

LGTBIfobia eta matxismorik gabeko gunea sortu dute Zumaian eta ostiral honetan aurkezpen irekia egingo dute

zumaiako gazteek badituzte beraien gozamenerako espazioak. Gaztetxea eta gaztelekua dira horren adibide. Orain, bi horiei beste bat gehituko zaie: Zirta izeneko eremua. 13 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako espazio berri bat da, "LGTBIfobiarik eta matxismorik gabeko gune askea" azaldu dute Zumaiako Udaletik. Gazteguneko gazteek, Eihera kooperatibako kideek eta Zumaiako Udaleko ordezkariek sortu dute elkarlanean.

Zirtako kideen arabera "konfian-tzazko gunea izango da, zalantzak argitzeko eta elkarrekin ikasteko espazio aske bat". Hala, hilabetean behin bilduko dira gazteak, eta Eiherako kideak izango dituzte bidelagun.

Espazio berri hau iaz Zumaiako Udalak sustatutako LGTBI eraldaketa prozesuaren emaitzetako bat dela azaldu zuen Maider Alberdi berdintasun zinegotziak, pasa den ostiralean egindako agerraldian. Izan ere, 2020an zehar "barne mailako lanketa" egin zuen Eihera kooperatibak Udalaren enkarguz. Bi zentzutan landu zuten gaia: alde batetik, udaleko hainbat sail aztertu zituzten; eta bestetik, gazteekin LGTBI kolektiboaren problematika lantzeko saioak egin zituzten. Gazteekin egindako saio horiek "oso emankorrak" izan zirela azaldu zuten Eiherako Iñigo Etxezarreta eta Laura Muelas, eta "gazteak gaia lantzeko gogoz zeudela ikusita", espazio berri hau sortzeko lanketa abiatu zuten haiekin batera.

Halaber, udalaren barruko zenbait sailen azterketa egin du Eiherak, eta hainbat formakuntza saio egin dituzte, LGTBI kolektiboaren inguruko sentsibilizazioa udal zerbitzuetan txertatzen hasteko.

Aurkezpen orokorra izan zen pasa den astekoa. Ostiral honetan, aldiz, aurrez aurre aurkeztuko dute proiektua. 19.00etan bilduko dira Hogarren (Beheko plazan) eta bertaratzeko deia egin nahi diete herriko gazteei. Bertan azalduko dituzte ekimen berritzaile honen xehetasun guztiak.