akin badakigu zein ederra den Euskal Herriko kostaldea eta zein aberatsa habitat horretan bizi diren animalia eta landare espezie bitxiak. Baina onartu beharra dago inguruneok izugarri eraldatu dituela gizakiak eta egun, zaila da gure eraginik jasan ez duen itsasaldeko guneak topatzea. Zarautzen esaterako, hirigunea itsasaldeko lurretan eraikia badago ere, oraindik kontserbatzen dira habitat naturalak. Horiek osatzen dute Iñurritzako Biotopo Babestua.

Oroimenean atzera begira jarrita, Arkamurka natur elkarteko kidea den Jesus Mari Olaizolak, Txilikuk, orain dela 60 urte Zarauzko eremu hau nolakoa izan zen irudikatu du testu baten bidez.

Orduan, bi desertu bereizten ziren herriko mugetan. Bati, Desertu Txikia bezala ezagutzen zitzaion, eta besteari, berriz, handia. “Argiñanoren jatetxearen albokoa Desertu Txikia zen, malekoiak hesitzen ez duen hondartza zatia, gaur egun bi kiosko txikiren antzeko eraikuntzak mugatzen duten hondar-eremua. Desertu Handia Golfeko parean dagoen hori zen, gaur Biotopoa dei-tzeko ohitura hartu duguna, hare-muino edo dunak dituena”, azaltzen du Txilikuk.

Hondartzaren mugetan ere, Desertu Handitik haratago, “kanala” zegoen. “Horrela deitzen genion itsasoratzen den lekutik Iñurritzarainoko erreka zatiari”, argitu du. Eremu hau, gainera, ez omen zen “gomendagarria”: “Guardia zibilak joaten ziren hara, noizbehinka, tiro-jarduerak egitera eta halakoetan abisu ematen zuten egunkarietan jendeak arreta izan zezan”. Halaber, apaizek ere bertara ez gerturatzeko eskatzen zuten “arima garbi eduki nahi zuenarentzat”. Izan ere, bikote asko bertara joateaz gain, “gauez ez ziren gauzak zuzentzen kanal bazterrean, okerrago bihurtu baizik”. Kontrabandoan ibiltzen zirenak hara joaten omen ziren eguna iluntzearekin batera.

Naturarekin zerikusirik ez duten oroitzapenak dira biak. Dena den, Txilikuk gogoan ditu kalanean egiten ziren beste hainbat ekitaldi. Arrantzaleek arrantza kontuetarako eta nekazariek hondarra eskura-tzeko erabiltzen zuten kanala. Orain horrelako gauzak egitea debekatuta daude, baina “Udalak baimena emana zuen garai batean nekazariek udaberrian behar adina hondar handik jasotzeko”.

Kontuak kontu, gaur egun eremu babestuaren izendapena du, 1997ko otsailaren 25a geroztik. Beraz, horrelako ekimen guztiak legez galarazita daude.

Guardia zibilak joaten ziren tiro-jarduerak egitera; kontrabandistak ere bertara jotzen zuten, egunak iluntzen zuenean