- Bertsolaritzarekin disfrutatzen duten Urola Erdiko bizilagunek goi mailako bi ikuskizunekin gozatzeko aukera izango dute datozen asteotan eskualdean bertan.

Izan ere, datorren larunbatean Ez da kasualitatea bertso saio musikatua ikusi ahalko da Azkoitiko Baztartxo antzokian (19.00etan) eta apirilaren 19an Erik eta Win bertso saio musikatua ikusteko parada izango da (19.30ean) Azpeitiko Soreasun.

Azkoitiko ikuskizunerako sarrerak www.entradium.com plataforman eros daitezke (zortzi eurotan) eta Azpeitian antolatutako emanaldirako sarrerak kulturaz.eus web gunearen bitartez (zortzi euro aurrez erosita eta hamar euro egunean bertan).

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauaren baitan antolatuta, Ez da kasualitatea ikuskizunak Alaia Martin, Ane Zuazubiskar, Jone Uria eta Maddalen Arzallus bertsolariak bilduko ditu; musikaz Gari Otamendi eta Araitz Bizkai arduratuko dira eta gai-jartzaile lanetan Saroi Jauregi arituko da.

Azpeitian taularatuko den Erik eta Win bertso saio musikatuan, berriz, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek bertsoa, poesia, antzerkia eta musika landuko dituzte, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin batera. Asier Sotak gidatutako obra da Erik eta Win, eta gidoia Muñoak eta Lizarraldek ondu dute. Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin izango dira bi bertsolariak agertokian, eta horiek doinu berriak plazaratuko dituzte; bertsoa, poesia, antzerkia eta musika landuz. Umorea da antzerki tartearen ezaugarri nagusia.