- Zarauzko Udaleko gazteria departamentutik eskaintza zabala aurkeztu dute haur, gazte eta nerabeek gabonak era seguru batean ospatzeko.

4 eta 10 urteko haurrentzat, hainbat ekimen izango dira Modelo aretoan. Gaur, Kantu Kolore taldeak Ametsen urtebetetzea ikuskizuna eskainiko du, 11.30etik aurrera. Bihar, ordu berean, Petit & Xuxu pailazoak taularatuko dira. Etzi, berriz, Piraten istorio bat emanaldiaren txanda izango da. Kasu honetan, arratsaldez egingo da, 17.30ean. Doako sarrera izango dute guztiek eta bertaratu nahi duenak, ordubete lehenago eskuratu beharko ditu gonbidapenak, Modeloko leihatilan.

Ludotxo ludoteka ere martxan izango da egun hauetan. 4 eta 8 urte bitarteko umeek, astelehenetik ostiralera egongo dira bertan, 9.00etatik 12.00etara. Gainera, Gabonak direla eta, ekintza bereziak egingo dituzte, egunero, 10.30etik 12.00etara. Asteburuetan, berriz, 9 eta 11 urte artekoek izango dute lehentasuna ludotekan. Larunbat eta igandeetan, 17.00etatik 20.00etara irekiko dute eta txikienek bezala, hainbat bestelako ekintza egingo dituzte (18.00etatik 20.00etara).

Magia saioa, ipuin kontalaria, serigrafia tailerra eta saio musikatuan, zehazki, derrigorrez eman beharko da izena, beranduenez jarduera baino egun bat lehenago, ludotekan bertan. Mezu bidez egin nahi duenak, zarauzkoludoteka@gmail.com helbidean jarri beharko du kontaktuan ludotekarekin.

Bestalde, herriko gazteentzako (2003-2008 urte bitartean jaiotakoentzako) egitaraua prestatu du Haize Orratz gaztelekuak. Besteak beste, Lasertag parkera irteera, Gabonetako bingoa, Txuri Urdinera egun-pasa eta filmak ikusteko aukera izango dute. Informazio gehiago behar izanez gero, 620 546 684 telefono zenbakira deitu behar da edo era berean, Haize Orratz gaztelekuaren instagram kontua kontsultatu daiteke.