- Euskararen Eguna dela, Udalak ekintza ugari antolatu ditu. Jarduera gehienak haur eta gazteentzat zuzenduta daude. Horren kasu dira pegatina eta bideo lehiaketa. Aurtengoan Pegatina lehiaketan DBH 1 eta 2ko ikasleek hartu dute parte eta bideo lehiaketan, DBH 3 eta 4, eta Batxilergo nahiz Lanbide Heziketakoek.

Pegatinen atalean, Lorea Perezek irabazi du. Zailtasunak zailtasun, euskara maitatu izan da erabili duen leloa. Bigarren saria Naroa Bordagarairentzat izan da, eta hirugarrena Ane San Julianek eskuratu du.

Bideoei dagokienez, Lizardi Institutuko Naiara Lopetegi, Garazi Aranbarri, Irati Eizagirre, Naiara Larrinaga eta Ane Sobrinoren lanak lortu ditu puntu gehien. Bigarren postuan geratu dira La Salle Ikastetxeko Beñat Aldama, Maialen Beistegui, Irene Erausquin, Lide Etxeberria, Joseba Larrañaga, Allende Lertxundi, Jon Muñoz-Baroja, Maite Rodriguez-Anabitarte, Libe Ulacia eta Alex Aginaga. Hirugarren saria, berriz, Antoniano ikastetxera joan da. Ekialde taldeak irabazi du.

Lehiaketaz gain, hurrengo egunetan hainbat ekintza izango dira udalerriko ikastetxeetan: Apaxi Ipuin kontalaria DBHko ikasleentzat, Di Dau Antzerki Faktoriaren emanaldiak Lehen heziketako ikasleentzat, Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren Baga Biga Higa emanaldiak Batxilergoko ikasleentzat, Arnasguneei buruzko tailerrak, Soziolinguistika ikastaroak... Bestalde, Zarauzko 31 establezimenduren euskarazko jarduna babestu eta laguntzeko Bai Euskarari elkartearekin hitzarmena berrituko du Udalak.

Kultur ekitaldiak ere izango dira tarteko. Modelo aretoan Xabier Leteri buruzko bi ekitaldi ospatuko dira: gaur, Alex Gurrutxagak hitzaldia emango du. Bihar, berriz, Loreak eta Zauriak kon-tzertua izango da. Bi hitzorduak 19.00etan hasiko dira.