- Zumaiako Udalak TAO sistema birpentsatzeari ekin dio. Alex Oliden zinegotziaren arabera, bada denbora udal gobernuak Zumaiako TAO sisteman hutsune batzuk identifikatu zituela, eta sistema "ahalik eta sinpleena eta erosoena izan dadin" herritarrekin batera aztertuko dute gaia.

Prozesu honekin, gainera, Zumaiako Udalak partaidetzarako webgune berria jarriko du martxan. Aukera desberdinak aztertu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren plataformaren berri izan zuten, eta hortik abiatuta osatu dute: partaidetza.zumaia.eus. "Plataforma hau herritarrek parte hartzeko beste bide bat izango da, beste tresna bat", adierazi zuen Maider Alberdi zinegotziak. Webgune honen bidez herritarrek prozesuaren jarraipena egiteko eta inkesta eta galderen bidez parte hartzeko aukera edukiko dute, besteak beste.

Dagoeneko TAO sistema balora-tzeko galdetegia jarri du Udalak bertan. Azaroaren 6ra bitartean izango da betetzeko aukera.

Ekarpen guztiak jasotakoan osatuko da ordenantza berria. Aurreikuspenei dagokionez, datorren martxorako prozesua amaitua izatea espero du Udalak.

TAO sistema berrantolatzeko gaiaz gain, Zumaiako Udalak beste hainbat landuko ditu aurrerantzean webgune honetan. Horren adibide dira, esaterako, Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorra (HAPO) eta Torreaga esparruko 1. Puntuanueta II sektoreari buruzko Zumaiako Plangintzako Arau Subsidiarioen Aldaketaren hirigintza-proposamena.

Udal ordezkariek garbi utzi nahi izan zuten, parte hartzeko ohiko bideei eutsiko zaiela aurrerantzean ere, baina "momentu egokia" iruditu zaie aukera hau aurrera ateratzeko, arlo hauek baztertuta geratu ez daitezen eta era berean, sistemak martxan jarraitzeko "modu bat da".

Webgune berriarekin batera, mahai tekniko-politikoa berrituko dute. Udal politikari eta teknikariez gain, ostalaritza eta merkataritza sektoreetako ordezkariek, eta Zumaiako ordenantzak bertakoentzako ezartzen dituen sei eremuetako ordezkari banak osatuko dute taldea.

Dagoeneko zabalik dago mahai-tekniko politikoan parte hartzeko izena emateko aukera, Udaleko webgunean.