- Zestoako Udalak azaldu duenez, "lanpostu publiko asko behin-behinean egoteak herritarren aukera berdintasuna eta konkurrentzia askea urratzen ditu". Horregatik, bere garaian Udalak lan eskaintza publikorako proposamena onartu zuen eta proposamen hori oinarri hartuta jarri dira martxan lanpostuak finkotzeko lehiaketa publikoak.

Udalak bere web gunearen bitartez jakinarazi duenez, hamabi lanpostu aterako ditu lehiaketa publikora legealdi honetan zehar eta hamabi lanpostu horietatik lauri dagozkien lehiaketak martxan daude jada. Izan ere, Administrari languntzaile lanposturako eta etxez etxeko laguntzako hiru lanpostuetarako izena emateko epea zabalik dago eta interesatuek hilaren 27ra arte dute eskaera aurkezteko aukera udaletxean.

Esan bezala, lau lanposturen lehiaketak martxan dira eta agintaldian zehar irekiko dira lan eskaintza osatuko duten beste zortzi lanpostuetarako lehiaketak.

Udalak legealdi honetan lehiaketara aterako dituen beste lanpostuak ondorengoak dira: Administraria (jardunaldi osoan), Udaltzaina (dedikazio osoan), Ingurumen teknikaria (%65eko dedikazioan), eginkizun anitzeko ofiziala (dedikazio osoan), eginkizun anitzeko langilea (hiru lanpostu, dedikazio osoan) eta garbitzailea (dedikazio osoan).

Behin lehiaketa publikoa amaituta, enplegu publikoa bere osotasunean egonkortuta uztea da Zestoako Udalaren helburua.

Udalak langabezian dauden edo beren lan egoera hobetu nahi duten herritarrak animatu nahi ditu martxan jarri dituen edota abian jarriko dituen lehiaketa publikoetarako izena ematera.