- Egun Getariako Udala osatzen duten bi alderdiek bi dirulaguntza lerro berri sortu dituzte COVID-19 pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko.

Alde batetik, herriko merkatari eta dendari txikiekin egindako elkarlanari jarraiki, Heldu Estatxa tokiko kon-tsumoa sustatzeko kanpainari jarraipena emango diote eta oraingo honetan, bonuak aterako dituzte. Guztira, 10.000 euro bideratuko dira laguntza horretara. Udaletik azaldu dutenez, kanpaina hau martxoan adostu zen eragileekin batera, baina herriko komertzioak eskatuta, udazkenera arte atzeratzea erabaki da.

Bestetik, Getariako Udalak, Foru Aldundiarekin batera, saltokiak pandemiaren aurka zehaztutako segurtasun neurrietara egokitzeko egindako gastuekin laguntzeko, 35.000 euro erabiliko dituzte.

Udalak pandemiari aurre egiteko aurreikusita zituen 100.000 euroko diru partidatik bideratuko ditu laguntza hauek. Aho batez onartu badira ere, EAJk, 10.000 euroko dirulaguntza hori "herriko komer-tzio guztietara" iritsi beharko litzatekeela dio eta ez Babexa Getariako Dendari Elkartea osatzen duten dendetara bakarrik.

Getariako Udalak zinegotzi berria du. Uda honen hasieran Getariako EAJ alderdiko Gemma Marrerok zinegotzi kargua utzi zuen arrazoi pertsonalak tarteko. Hori dela eta, bere kargua Iosu Mujikak hartu zuen pasa den astean.

Bere esanetan, "zirraraz eta gogoz" hasi da Udalean eta bere asmoa elkarlanean "herrigintzaren alde" lan egitea izango da.

Aurreratu zuenez, ikasturte honetan, jeltzaleen helburua pandemiak eragindako ondorioak arintzea, herritarrentzako aparkalekuak bideratzea edota Aldamar parkeko proiektuari bide ematea dira.