- Alarma-egoeragatik itxita egon diren edo diru-sarreretan %75eko jaitsiera izan duten merkatariei laguntze aldera, erosketa bonuak jarri ditu Orioko Udalak. Horrez gain, oraingo honetan Udaleko hainbat langile banan-banan bisitatzen ari dira herriko ostalari-tza-establezimenduak egunotan, abian jarri duten merkataritza-kanpainaren barruan. Azaldu dutenez, bisitaren helburuak hauek dira: Udalak Orioko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko abiatutako egitasmoaren berri ematea eta horri buruzko iritzi eta ekarpenak jasotzea, ostalarien konplizitatea bilatzea aurrerantzean egingo diren lanetarako, Bertatik Bertara kanpainaren mezua helaraztea; gertukotasunaren balioa eta, horrekin lotuta zerbitzua euskaraz ematearen garrantzia nabarmendu nahi dute era berean. Horretarako, establezimenduetako paisaia linguistikoa euskalduntzeko lanean sakontzea egingo dute.

Bisita horietan, Udalak paperezko mahai-zapiak banatuko dizkie ostalariei, udako denboraldian erabiltzeko. Udaletik jakinarazi dutenez, UEMAk Bertatik Bertara kanpainarako sortutako diseinua egokitu du Udalak eta 5.000 mahai-zapi banatuko ditu doan herriko ostalarien artean.

Horrekin batera, establezimenduko oharrak eta kartelak euskaratzeko laguntza eskainiko die ostalariei, doan.

Euskaratutako karteletan ere herriko dendak suspertzeko egindako kanpainaren irudiak eta estiloa erabiliko du Udalak, Sartu kalera. Bizi kalea. Erosi Orion! leloarekin batera, hain zuzen ere.