- Arduragatik eta herritarren segurtasuna zaintzeagatik, bestelako San Pedro jaiak ari dira bizitzen Orion eta Zumaian; lehenaren kasuan ez dute ekitaldirik antolatu eta bigarrenean, berriz, osasun neurriak errespetatuz, bestelako kultur ekitaldiak egin dira. Beraz, atzo, aspaldiko San Pedro egunik arraroena eta bereziena izan zuten bi herriek.

Orioko Udalak, herriko bandera eta ikurrina zintzilikatu zituen atzo udaletxeko balkoian, urtero egiten duen bezala, herritarrei San Pedro eguna dela gogorarazteko. Horrez gain, etxafuegoa bota zuten udaletxetik eta korporazioko kide batzuek San Pedro eguneko meza nagusian parte hartu zuten.

Zumaian ere izan zen meza abestua San Pedro abesbatzarekin eta arratsaldean hainbat kultur ekintza egin zituzten. Guztietan, indarrean dagoen araudiaren arabera jokatu zuten, maskarak jan-tzita eramanaz eta emanaldietan banaka sartuaz, esaterako. Herritarrak uneoro norbere tokian eserita egon behar izan zuten ekitaldi bukaera arte.