- Normaltasun berria berreskuratzeko bidean, bigarren fasera pasa zen atzo Urola Kosta. Alde honetatik, aginduak areagotzearekin batera, hainbat zerbitzu jarri zituzten martxan udalerri guztietan.

Aldiz, Getaria izan da kiroldegia martxan jartzea erabaki duen lehen eskualdeko herria. Zerbitzu guztiak bere osotasunean abian jartzeko aukerarik ez duten arren, spinning, pilates eta aerobik klaseekin ekin diote. Padel pista berria ere inauguratu dute.

Horretarako, segurtasun protokoloa sortu dute. Hala, aldagelak, muskulazio eremua, eremu hezea eta tatamia itxita mantenduko dira eta ikastaroetan beste hainbat segurtasun neurri ezarriko dituzte.

Zarautzek, Oriok, Zumaiak eta Zestoak oraingoz ez irekitzea erabaki dute.

Orioren kasuan, ordea, Udaletik iragarri dutenez, beste hainbat kirol-instalazioek ateak ireki zituzten atzo. Horien artean da Arraunetxea. Bertako gimnasioak itxita jarraitzen duen arren, ontzi-biltegira sartzeko aukera dute erabiltzaileek, ontziak hartu eta uzteko. Alokatzeko zerbitzua ere martxan jarri dute. Ildo beretik, herriko pilotalekua erabiltzeko aukera dago. Horretarako, 618 95 28 44 telefono zenbakira deitu beharko da. Surf eta softbol zaleek, hondartzako lokala eta bateo-tunela zabalik dituzte jada.

Kirol-instalazioez gain, beste hainbat udal zerbitzuek ireki dituzte ateak. Zumaian, esaterako, turismo bulegoa eta udaletxea. Eskaera eta tramitazio gehienak telefono bidez edo modu telematikoan egin daitezkeela argitu dute, eta bertara joatea ezinbestekoa izatekotan, hitzordua telefonoz emango dutela. Beste herrietan ere gauza bera gomendatu dute.

Zarautzen kasuan, bestalde, Merkatu Plazak betiko ordutegia berreskuratuko du: 8.30etik 13.30era eta 17.00etatik 20.00etara; eta larunbatetan, 8.30etik 13.30era.