Zarauzko Bilgune Feministak ekimen sorta antolatu du

Gaur, 'TRANSexualitateak' liburua aurkeztuko dute 18.00etan elkarteak dituen sare sozialen bidez

21.05.2020 | 01:24
Martxoak 8an Bilgune Feministak egin zuen dantzetako bat, Frontoi Txikin.

zarautz – COVID-19ak Zarauzko Bilgune Feministaren ekimenetan ere eragina izan duen arren, "egoerara moldatu" dira eta Ez dugu normaltasunik nahi lemapean hainbat ekimen antolatu dituzte. "Gure jarduerekin aurrera jarraitu nahi dugu. Ikuspegi feminista abiapuntu hartuta, pandemia honek sortu dituen abaguneak aztertzen ari gara, baita Udaberri morea prestatzen ere", azaldu dute Bilgune Feministatik.

Betiere, maiatzaren 17an izan zen LGTBIfobiaren aurkako eguna, eta datorren ekainaren 28an ospatuko den LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eguna, gogoan izanda, "sexu-genero identitateak, transexualitatea eta maitasuna gaiak" izango dira oraingo honetan landuko dituztenak.

Gaur izango da lehen hitzordua. Mireia Delgadoren TRANSexualitateak liburua aurkeztuko dute. Ekainaren 4an, berriz, Kontatu ez dizkidaten ipuinak izenburupean, ipuin kontaketa izango da. Ekainaren 22rako, azkenik, Maitasunaren inguruko eztabaida feminista antolatu dute.

Hauek guztiak arratsaldeko 18.00etan helaraziko dituzte Bilgune Feministak dituen sare sozialetan. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea bfzarautz@gmail.com helbidean.

zumaian ere, 'online' Zumaiako Udaleko Berdintasun sailak antolatuta, gaur, Adimen emozionala pedagogia feministatik, kontzientzia emozionala eta autozainketaonline ikastaroa emango da Edurne Pujaba Deba hezkidetza teknikariak. Zoom plataformaren bidez eskainiko dute, 17.00etatik 19.30era. Bertan parte hartzeko izena eman beharko da aurretik, 943 430 312 telefonora deituta edo edurne.pujana@daiteke.com helbidera idatziz.