- Alarma egoera dela eta, asteburu honetan ospatzeakoak ziren santakutzak bertan behera uztea erabaki zuen Zestoako Udalak. Herritarrak, ordea, ez dute festak alde batera uzteko asmorik eta kalean ez bada ere, balkoietatik ospatuko dituzte.

Egungo egoerak urteroko egitaraua egiteko mugak jartzen dituen arren, danbor hotsak ez dira faltako herrian. Pio Baroja eta Lizen-tziadonekoa plazako bizilagunak datorren larunbateko helduen danborrada antolatzen ari dira eta haurrena ere izango da, igandearekin batera.

Hala, asteburu honetarako balkoiak apaintzeko deia egin dute eta larunbatean 20.00etako txaloak danborrekin egingo dituzte. Horren ondoren, urtero bezala, 22.30ean hasiko da helduen danborrada. Ordu eta erdiz, pieza guztiak jotzea da antolatzaileen asmoa. Modu honetan, 0.00etan, normalean danborrada plazara iristen den orduan, amaituko dute danborra jotzeaz.

Modu koordinatuan jarduteko, herritar talde bat sare sozialen bidez musika aldi berean entzuteko lanetan dihardu egun. Hala, herriko txoko guztietatik izango da aukera musika jartzeko eta bide batez, herria alaitzeko.

Igandean, bereziki, haurrak izango dira protagonista. Arratsaldeko 18.00etan balkoietara ateratzeko deia egin dute eta abesti guztiak joko dituzte hiru bueltetan: 18.00etan, 18.45ean eta 19.30ean.

Motorrak berotzen joateko, atzo lehen entsegua egin zuten herritarrek, 20.15ean, osasun sailean lanean ari direnei eskaintzen zaizkien txaloen ondoren.