ZARAUTZ - Jose Ramon Arangurenek, Zarautzen Txiliku ezizenez ezaguna, mekaniko lanetan dihardu 45 urtez Autoluxen (Altzola kalea, 9). Orain, ordea, erretiroa hartuko du eta negozioa, eskuz aldatuko da.

Ia mende erdia daramazu Zarauzko eta inguruetako autoak konpontzen...

-Bai, 17 urterekin ikasketak amaitu nituen eta motordun ibilgailuak betidanik gustatu izan zaizkit. Horren inguruan ikasi ez banuen ere, garbi neukan autoen inguruan lan egin nahi nuela. Athletic Clubetik deitu zidaten gazteetan futbolean jokatzera bertara joateko eta ezetz esan nuen, banekielako benetan gustuko nuena motorrak zirela, hortik pentsa! Hala, udako lan gisa hasi nintzen Zarauzko tailer batean laguntzen. Eta zenek esango zuen nire ogibidea izango zela 45 urtez jarraian.

Hainbeste urteren ondoren, automobilgintzaren eraldaketa gertutik ezagututakoa zara, beraz.

-Bai, lehengo autoak askoz ere gehiago gustatzen zitzaizkidan. Kotxeren bat tailerrera iristen zenean, kapota altxa eta nahiko lekua zegoen eskua sartzeko behar zen lekuan. Musika jarri eta lasaitasun osoz ibiltzen ginen lanean. Orain, berriz, dena askoz ere konplexuagoa da. Pieza bat aldatu behar baldin bada, ia motor guztia desmuntatu behar da. Erremintak ere asko aldatu dira azken urte hauetan. Aukeran, garai batekoak nahiago.

Lehorreko motorrez gain, uretakoak ere konpontzen dituzu, ezta?

-Bai, urte hauetan guztietan denetik egitea tokatu izan zait. Autoez gain, traktoreak konpontzera pasatzen naiz inguruko baserrietatik. Kamioiak ere erreparatu izan ditut. Horiez gain, inguruko portuetatik askotan deitu izan didate barkuren bat edo beste begiratzera joateko. Ezin inoiz geldirik egon!

Eta, aurten erretiroa hartu nahi duzu. Zaila izan al da erabakia hartzea?​

-Gustuko lekuetan aldaparik ez dagoela esaten da eta hala da. Oso pozik ibili naiz urte hauetan guztietan baina, atseden pixka bat ere ondo etortzen da. Nekatua nago jada. 63 urte ditut eta nik uste iritsi dela ordua tailerra beste pertsona batek zuzentzekoa. Betiko bezero askori ere esan diet eta pena hartu badute ere, guztiz ulertzen didate.

Hala ere, oraingoz ez duzu asmo handirik mundu hau guztiz alde batera uzteko...

-Beno, bat-batean ez dut utziko baina, erantzukizuna alde batera uzteko gogoa daukat. Dena ondo joaten bada, beste mekaniko batek hartuko du nire negozioa eta hasiera batean, berari laguntzen ibiltzeko asmoa daukat. Egun, bezero askok hala eskatuta, hainbat autoen IATa pasatzera joaten naiz Urnietara eta denbora batez bada ere, horretan jarraitzeko asmoa badut.

Esan duzu gustura ibili zarela lanean. Zure ibilbide guztia kontuan hartuta, zein bizipenekin gelditzen zara?

-Zoriontsu izan naiz egia esan eta jende asko ezagutu dut. Faltan botako dut ziur aski, herritarrekin egunero izaten dudan harreman hori. Horregatik, bizipen batekin gelditu beharko banuke, jendearekin egin dudan hartu-emana izango litzateke. Tarteka haserreak izan ditudan arren, maitatua sentitu naiz.