zarautz - Europako hizkuntza bizi zaharrena da euskara. Zalantzarik gabe, gure herrien harribitxietako bat; aintzat hartzeko moduko altxorra, eta eskualdeko izaera bereizten duen ikur bereizgarria. Aldi berean, Urola Kostako bost udalerriak arnasgune dira euskararentzat.

Bi helduleku horietatik abiatuta garatuko da 2020ko eskualde mailako turismo eskaintza. Hala jakinarazi zuten pasa den ostiralean Fiturren, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean sortu duten Ongi Etorri Euskararen Herrira proiektuaren aurkezpenean.

Urola Kosta eskualdea bezalako gune turistiko euskaldunek euskararen biziraupenean duten garrantziaz jabetuta landu da kanpaina. “Gure udalerrietako kultur ondarearen eta nortasunaren ikur bereizgarri izanik, euskara (eta euskal nortasuna) izango du ardatz eskualdetik bideratutako aurtengo turismo eskaintzak”, jakinarazi zuen Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko presidenteak. “Euskara partekatu nahi da bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten. Hala, lanketa berezia egingo da, UEMArekin elkarlanean, turismo sektoreko eragile guztiekin, herriz herri”, jarraitu zuen.

Zehazki, hiru helburu nagusi izango ditu ekimenak: kultura-ondarearen elementu bereizgarri gisa, bisitariei euskara ezagutaraztea; sormen eta esperientzia-kanpainaren bidez, bisitariarekin euskaraz elkarreraginean aritzea eta azkenik, turismo sektoreko eragileen eta herritarren inplikazioaren bidez, euskarazko harremanak areagotzea.

eskualdeko herritarrak erdigune Bisitariei euskara ezagutarazteko helburuarekin Espainiar estatuko nahiz nazioarteko turistei begira landutako ekimena izango bada ere, eskualdeko herritarrei begira ere egingo da lan. Herritarren arteko euskarazko harremanak areagotzea ere badu-eta helburu proiektuak. Gainera, kanpaina sendotzeko, bereziki jorratuko da turismo sektoreko eragileei begirako sentsibilizazio lana.

Otsailean zehar, eskualdeko ostalari, merkatari eta zerbitzuetako arduradun eta langile guztiei helaraziko zaie sentsibilizazio saioetan parte hartzeko gonbidapena. Guztira, aurrez aurreko hamabi sentsibilizazio eta formazio saio egingo dira, martxoan zehar, herriz herri. Saioetan, udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu eta kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, euskaraz zerbitzua eskaintzearen garrantziaz ere ohartaraziko zaie bertaratzen direnei. Hainbat euskarri eta material ere banatuko da bertan.

Egitasmoaren jendaurreko aurkezpena martxoaren amaiera aldera egitea aurreikusten da. Orduan zehaztuko dira Aste Santuetatik irailera bitartean Urola Kostako herrietan izango diren lanketa, ekimen eta kale-ekintza guztiak.