zarautz - Abenduaren 19ko batzarrean Urola Kosta Udal Elkarteko Batzar Nagusiak 2020ko aurrekontuari hasierako onarpena eman zion. Aurrekontuak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zituzten. EH Bilduko hautetsiak berriz, abstenitu egin ziren, uste baitute "aurrekontu hauek hutsune nabarmenak dituztela".

Hondakinen bilketan atzera pausoa eman dela uste du EH Bilduk. Alex Oliden Zumaiako zinegotziak bere mintzaldian adierazi zuenez, 2016an akordioa sinatu zenetik, "hondakinen edukiontzien erabilera egokia helburu duen jarraipena eta kontrol hurbila aldarrikatzen ari da EH Bildu, kale-hezitzaile talde eraginkor bat eskatuz". Zentzu honetan, "plantila hori sendotzen jarraitu beharrean, bi langiletara murriztuko dela" manifestatu zuten.

Era berean, 2016ko akordioak sormenaren araberako kobrantza sistema aurreikusten zuen, "gehien sortzen duenak gehiago ordaindu behar du" printzipioarekin bat. 2019ko aurrekontu-akordioan azterketa bat egiteko konpromisoa hartu zen, 2020. urterako sorkuntza-tasa batzuk ezartzeko oinarriak finkatuko zituena, "baina konpromiso hori ez da bete".

Gizarte Zerbitzuen alorrean ere aldaketak aldarrikatzen ditu EH Bilduk. Udaletatik mankomunitatera egin beharreko "eskumen aldaketak bideratu eta arlo honetan aurrera pausoak emateko premia" azpimarratu zuen Olidenek. Horretarako, "partida ekonomiko" bat sartu beharko litzatekeela esan du EH Bilduk. - A.Z.