- Legazpiarrek Santikutz eguna ospatu zuten atzo, jaietako egun handia. Gaur, bihar eta etzi ez da ekitaldirik egongo. Larunbatean haur eta gaztetxoen marrazki lehiaketa, kapela dantza eta goitibehera lasterketa egongo dira. Igandean, berriz, Mirandaola Eguna ospatuko dute.

Atzo, txistulariak izan ziren kalera irteten lehenak: kalejira egin zuten erdiguneko kaleetan. Ondoren, Iruñeko Ezpelur gaitero taldeak goiz deia egin zuen. 10.30ean Mirandaolako Gurutze Santuaren prozesioa egin zuten eliza atarian eta ondoren meza nagusia.

Meza ondoren, Sustraiak taldeko kideek ezpata dantza egin zuten eta Olaria saria eman zen. Aurten, Alaitasuna errondailak eta ikastolako jaiotza prestatzen duen taldeak jaso dute sari hau. Olaria Legazpiren alde lan egin duten norbanako eta taldeei ematen zaie.

Bai errondailak eta bai jaiotza prestatzen duen taldeak ondo merezita dute saria. Alaitasuna errondailak 60 urte beteko ditu aurki. Mende erdi baino gehiago darama Legazpi alai-tzen. Jaiotza prestatzen duen taldeari dagokionez, duela 25 urte baino gehiago hasi ziren lanean. Urtero munduko toki batean oinarritutako jaiotza prestatzen dute. Legazpiarrek mundu osoa ezagutu dute jaiotzaren eskutik. Jaiotza hau Gabonetako protagonista nagusietako bat bilakatu da.

Olaria sariaren banaketaren ondoren, soka dantza, zinta dan-tza eta larrain dantza egin zituzten. Arratsaldean, herritarrek goitibeheretan ibiltzeko aukera eduki zuten eta pilota jaialdia eta zaldiketa erakustaldia egon ziren. Bukatzeko, Demode Quartet taldeak kontzertua egin zuen.