Urretxu: Duatloi Txikia izango da larunbatean Urretxun

2008tik 2013ra bitartean, biak barne, jaiotako Gipuzkoako haurrek parte hartu ahal izango dute

28.04.2022 | 01:11

urretxu – Urola Triatloi Klubak Duatloi Txikia antolatu du larunbaterako. 2008tik 2013ra bitartean, biak barne, jaiotako Gipuzkoako haurrek parte hartu ahal izango dute. Proba 16.00etan hasiko da, Areizaga-Kalebarren plazan.

2012an eta 2013an jaiotakoek 450 metro egingo dituzte korrika, ondoren 1.500 metro egingo dituzte bizikletan eta amaitzeko beste 450 metro egingo dituzte korrika.

2010ean eta 2011n jaiotakoek, kimu milakoek, 750 metro egingo dituzte korrika, ondoren 2.000 metro bizikletan eta bukatzeko 450 metro korrika. 2008an eta 2009an jaiotakoek, 1.200 metro egingo dituzte korrika, ondoren 2.000 metro bizikletan eta bukatzeko 450 metro egingo dituzte korrika.

Probarako derrigorrezkoa da norberak bizikleta eta kaskoa eramatea. Proba hasi aurretik bizikleta plazan utzi beharko da, kaskoarekin batera, horretarako prestatuko duten gunean.

Izena emateko, antolatzaileek Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko ikastetxeetan banatu dituzten orriak bete behar dira. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, 15.30ak arte.

Antolatzaileei lana errazte aldera, 15.00etarako bertan egotea komeni da: bai izena emateko, bai dortsala jaso eta bizikleta dagokion tokian uzteko. Izen-ematea doan izango da.

Hiru irteera egingo dira. 16.00etan benjaminak aterako dira (2012an eta 2013an jaiotakoak). Ondoren kimu mailakoak aterako dira (2010ean eta 2011n jaiotakoak). Proba hau bukatutakoan, haur mailakoak aterako dira (2008an eta 2009an jaiotakoak).

Parte-hartzaileei oroigarri bana emango diete eta sari banaketa ekitaldia 17.00etan izango da. Lasterketa bakoitzeko lehen hiru neskak eta mutilak podiumera igoko dira. Bukaeran, parte hartzaile guztiek taldeko argazkia aterako dute.

Urola Triatloi Klubak eskerrak eman nahi dizkie proba hau aurrera ateratzen lagundu dieten guztiei: Plazaola Iturgintza, Zerki, Zatika, Urzubi, Urretxuko eta Zumarragako udalak, Aldundia eta Gipuzkoako Triatloi Federazioa.

noticias de noticiasdegipuzkoa