- Urretxuko Berdintasun plan berria diseinatzeko prozesuan eragile, pertsona eta instituzio ezberdinek parte hartu dute. 90 pertsona inguruk, hain zuzen ere.

Urola Garaia mankomunitatetaren Berdintasun arloak hirugarren berdintasun plana aurkeztu zuen atzo Urretxuko Labeaga aretoan. Aurkezpenaren ondoren, Urretxu eta Zumarragako Alarma Morea musika taldeak abesti batzuk jo zituen eta Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena aktoreek Luze edo motz ikuskizuna eskaini zuten.

Hasteko, bigarren planaren ebaluazioa eta egungo egoeraren diagnostikoa egin ziren. Hainbat ondorio atera ziren: berdintasun politiken garapena bermatzeko tokiko eta eskualde mailako konpromiso politikoa zein teknikoa finkatzen jarraitzeko beharra, emakumeen etxearen erreferentzialtasunean lanean jarraitu beharra, Berdintasun arloak mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin elkarlanean jarraitzeko beharra, sentsibilizazioa lantzen jarraitzeko beharra eta emakumeen etxea indarkeria matxistaren aurkako erreminta bezala erabiltzearen garrantzia.

Ondorio horiek kontuan hartuta, plan berria osatu zen. Bere printzipio gidariak ondorengoak dira: paradigma feminista (feminismoak gidatzen du plana), aukera berdintasuna, intersekzionalitatea desberdintasunei heltzeko ikuspegi gisa, genero ikuspegia, emakumeen ahalduntzea, desberdintasunen murriztea eta giza garapen iraunkorra.

Planak bost esku-hartze ardatz ditu: berdintasunerako gobernan-tza (udalek eta mankomunitateak garatuko dute), emakumeen ahalduntzea (emakumeen eta gizonen berdintasunean oinarrituko den gizartea eraikitzeko ezinbestekoa da), zaintza lanen ekonomia feminista (zaintzarik gabe ezin gara bizi, baina zaintzak ezkutatuta eta balioz hustuta daude eta hori aldatzen hastea da ardatz honen helburuetako bat), ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea (gizarte eredu matxista batetik berdintasunezko gizarte batera igarotzeko beharrezkoa da bestelako balio sozial ba-tzuk indartzea eta botere eredu berriak eraikitzea) eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak (indarkeria matxista gizarte osoari dagokion eta errotuta dagoen arazoa da eta ardatz honen inguruan lanean jarraitzea ezinbestekoa da).