- Goñiren omenezko 30. pilota txapelketa gaur hasiko da, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Urteroko moduan, afizionatu mailako pilotari onenek parte hartuko dute. Promesa mailakoek lau t'erdikoa jokatuko dute eta eliteek binakakoa.

Partida guztiak asteazkenetan jokatuko dira, 18.30ean. Gaur, lau t'erdian, Amiano irundarrak Egiguren azpeitiarraren aurka jokatuko du. Binakakoan, Alberdik eta Arbizuk, Igoa eta Cuairanekin neurtuko dituzte indarrak. Alberdik lau t'erdiko txapelketa irabazi zuen 2018an. Arbizu profesional mailara salto egitetik gertu dago. Arerio gogorrak izango dituzte: Igoak Antiguoko txapelketa irabazi zuen udan eta Cuairan 23 urte azpiko Espainiako txapelduna da. Arbizu eta Igoa Etxarrikoak dira. Bi partida hauen aurretik, Beloki pilota eskolako lau neskek jokatuko dute.

Martxoaren 9ko jaialdiari dagokionez, lau t'erdikoan Irribarriak Etxeitaren aurka jokatuko. Binakako partida Murua-Morgaetxeberria eta Elola-Irazustabarrena bikoteek jokatuko dute.

Bi kanporaketa hauetako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute, martxoaren 30ean.

Final laurdenetako hirugarren jaialdia martxoaren 16an izango da. Lau t'erdian, Zubizarretak Aranberriren aurka jokatuko du. Binakako partidan, Exposito eta Ugartemendia, Mata eta Altuzarraren aurka lehiatuko dira.

Final laurdenetako azken partidak hilaren 23an izango dira. Lau t'erdiko partida De la Fuentek eta Apezetxeak jokatuko dute. Binakakoan, berriz, Eneko Labaka-Iztueta eta Oskoz Garmendia bikoteek neurtuko dituzte indarrak.

Martxoaren 16ko garaileek 23ko garaileen aurka jokatuko dute, apirilaren 6an. Finalak, berriz, apirilaren 13an jokatuko dira. Finaleko partidak ETBn ikusi ahal izango dira. Aurtengo babesleak Gainza garraioak eta Mendizabal Abokatua dira.