- Gizarte Foroak bakardadea izango du hausnargai Legazpin hurrengo astelehenean, kultur etxeko areto nagusian. 17.30ean hasiko da ekintza. Gai honen inguruan antolatu dira hiru saio eta hori bigarrena izango da.

Bigarren saio honen helburua inguruko hiri eta herri batzuetan martxan dauden hiru proiektu aurkeztea izango da. Ekitaldia herritar guztiei dago zuzendua. Legazpiko Udalak bizilagun guztiak parte har-tzera gonbidatu ditu.

Hasteko, Grupo SSIko Karmele Acedok Bilbon garatzen ari diren proiektuaren berri emango du. Proiektu horrek Mirada activa du izena.

Ondoren, Hurkoa fundazioko Bakarne Etxeberriak Arrasate, Azkoitia eta Pasaian martxan dagoen Hauskor programa aurkeztuko du.

Bukatzeko, Bizaneko Alex Beltranek Gasteizen martxan dagoen Activa tu barrio proiektua aurkeztuko du.

Bakardadeari buruzko tailer honen lehen saioa azaroaren 29an izan zen. Saio hura aurkezpen moduan erabili zen eta bakardadeak zer diren ikastea izan zen helburua. Horretarako, Javier Yanguasek hitzaldi bat eman zuen eta ondoren eztabaida saio interesgarri bat egon zen. Yanguas Psikologian doktorea eta La Caixako zuzendari zientifikoa da.

Hirugarren eta azken saioa otsailaren 14an izango da: 17.30ean, Legazpiko kultur etxeko areto nagusian. Hirugarren saio horretan, Legazpin martxan dauden egitasmoetan bakardadearen gaia nola landu aztertuko da. Parte-hartzaileek ekimen berriei buruz ere hitz egingo dute.