- Pasiotarren eraikineko obra datorren urteko Aste Santuan hasiko da, Urretxuko Udalak proiektua eta obra esleitzeko pleguak onartu ondoren. Eraikinean eguneko zentroa eta etxebizitzak egingo dituzte Aspaceko erabiltzaileentzat eta apartamentu tutelatuak adineko pertsonentzat. Obrak urte eta erdi iraungo du.

Proiektua eta pleguak asteleheneko osoko bilkuran onartu zituzten. "Helburua lizitazioa lehenbailehen martxan jartzea da, Aste Santu inguruan obra martxan jarri ahal izateko", esan zuen Igor Zubillaga zinegotziak.

Lehengaien etengabeko garesti-tzea dela eta, prezioa %10 igo dute. Izan ere, Urretxuko Udala lehiaketara enpresarik aurkeztuko ez zen beldur zen. Pleguen arabera, obra 2.284.000 euroan esleituko dute. Obrak urte eta erdiko iraupena izango du. Obraren prezioa igo ahal izateko, kreditu gehikuntza onartu behar izan dute. Urretxuko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE) aldeko botoa eman zuten.

Beste egitasmo batzuetarako ere kreditu gehikuntzak egon dira: ostalariei laguntzeko, Santa Lutzi feria antolatzeko, Berriotxoa familiari lursail bat erosteko eta Emakumeen Etxean zuntz optikoa instalatzeko. Kreditu gehikuntzak egon diren arren, udalak lau milioi euroko soberakina du oraindik.

Santa Lutzi feriari dagokionez, aurrekontuak onartu zirenean ez zegoen argi antolatu ahal izango ziren, duela aste batzuk baietz zirudien eta Eusko Jaurlaritzaren atzoko ebazpenaren ondoren, nola ospatu aztertu beharra dago. Urretxu eta Zumarragako udalek gaur bertan egingo dute lehen bilera.

Udalak Berriotxoa sendiari erosi dion lursailari dagokionez, Matxinporta industrialdearen eta Iparragirre kaleko lehen etxeen artean dago. Bizikletan eta monopatinean ibiltzeko zirkuitu bat (pump track) eta parke bat egingo dituzte bertan.

Osoko bilkuran ostalariei 2021eko uraren eta zaborraren tasak ordain-tzea eta terrazen tasa ez kobratzea erabaki zen. 2022an ostalariei tasa guztiak kobratzeko asmoa dago. Soberakinetik 65.000 euro hartuko dira ostalariei uraren eta zaborraren tasak ordaintzeko. Eta terrazen tasa ez kobratzeagatik, udalak 28.000 euro kobratzeari utziko dio.

Asteleheneko osoko bilkuran ekintzailetasuna sustatzeko eta enpresa lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak arautzeko oinarriak ere onartu ziren. Aurrekontua 16.000 eurokoa da.

Bukatzeko, Udalak Migraziorako Euskal Itun Sozialari atxikimendua azaldu zion. Itun honen oinarria, etorkinei guri gustatuko litzaigukeen harrera egitea da.