Zumarraga | Uraren gestio publikoaren aldeko ekimena aurkeztu dute

Onura Publikoa egitasmoan hainbat gizarte eragilek parte hartzen dute

14.04.2021 | 00:17
Aurkezpenean parte hartu zuten urretxuar eta zumarragarretako batzuk, urarekin topa egiten.

zumarraga – Urretxuko eta Zumarragako hainbat alderdi, sindikatu eta elkartek uraren kudeaketa publikoaren aldeko Onura Publikoa ekimena aurkeztu dute. Izan ere, 2007tik enpresa pribatu bat arduratzen da uraren kudeaketaz bi herrietan.

Ekimenean ondorengoek parte har-tzen dute: Koordinadora Feminista, Ernai, ELA, LAB, CCOO, EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu, Sortu, Berdeak Legazpi, Bertso Eskola, KKinzona, Gaztetxea, Mutamu, Geltokiko Jai Ba-tzordea eta Duintasuna pentsiodunen elkartea. Ekimena eragile eta norbanako guztiei irekia da. Parte hartu nahi dutenek onurapublikoa@ni.eus helbidera idatzi behar dute.

Parte hartzaileek uraren publikotasunaren inguruko kontzientzizio lana egingo dute, kudeaketa publikoaren aldeko ekintzak sustatuko dituzte eta udalei kudeaketa publikoa ezartzeko eskatuko diete. Lehen ekintza maiatzaren 22an izango da, 19.00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Iñaki Antiguedad hidrogeologian katedradunak, Pedro Arrojo uraren gaietarako Nazio Batuetako errelatoreak eta Maria Sanchez Valladolideko zinegotziak hitzaldia egingo dute.

Onura Publikoa egitasmoaren aurkezpena atzo izan zen. Bi herrietako hainbat zinegotzik eta eragilek parte hartu zuten. Egitasmoa aurkeztu ondoren, manifestua irakurri zuten. Bi herrietan uraren hornikuntza enpresa pribatuen eskuetan dagoela gogoratu zuten. "Gipuzkoan uraren kudeaketa esku pribatuetan daukaten udal bakarrak dira".

Horri onartezina deritzote. "Guztiona, giza eskubidea eta bizitzarako oinarrizkoa den ura merkantilizatu egin da eta ezin dugu onartu. Horrez gain, Urretxu eta Zumarragako herritarrek Gipuzkoako gainontzeko herritarrek baino prezio altuagoak dituzte".

Bi udalek sinatutako kontratua aurten amaitzen da. "Horrek aukera berri bat zabaltzen digu parez-pare: uraren kudeaketa herritarron eskuetara pasatzea".

Horren alde lan egingo dutela aurreratu zuten. "Nazio Batuetako Batzar Nagusiak honakoa onartu zuen: edateko ura eta saneamendua izateko eskubidea giza eskubide funtsezkoa da. Beraz, ez da negozio bat. Printzipio horren gizarteratzean egingo dugu lan".

Uraren kudeaketa % 100ean publikoa izan behar dela aldarrikatu zuten. "Kudeaketa eredu publiko, parte hartzaile, jasangarri eta gardenaren alde egingo dugu lan. Orain arte ura kudeatu duten langileak hemengoak direla aprobetxatuz eta beraien jakintzaz baliatuz, uraren kudeaketa publikoaren alde egiteko momentu egokiena dela deritzogu".

Langileen eskubideak eta kalitatezko enplegu publikoa bermatu nahi dituzte. "Uraren kudeaketa publikoa aurrera eramango duen entitate publiko berrian orain arte azpikontratatuta dauden langileak integratzeko egingo dugu lan, beraien lan eskubide guztiak bermatu, beraien ezagutza teknikoa baliatu eta beraien baldintzak hobetu daitezen. Uraren ziklo integralaren kudeaketa enplegu berriak sortzeko iturri izan behar duela diogu. Uraren kudeaketarekin zerikusia duten enplegu guztiak publikoak izan behar dute".

Tarifak justuak eta sozialak izan behar direla gehitu zuten. "Tarifak zerbitzuaren kostua estali behar du eta ez enpresa baten irabaziak bermatu. Gipuzkoako gainontzeko herrien pareko tarifak defendatuko ditugu. Asko kontsumitzen dutenek gehiago ordainduko dute eta pertsona zaurgarrienak babestuko ditugu".

Gardentasuna, informazioa eta errespetua bermatu behar direla esan zuten. "Fakturak etxe guztietara bidali behar dira, nahi den modalitatean. Herritar bakoitzak erabaki behar du nola jaso nahi dituen fakturak eta ez enpresa batek".

2007tik hona, bai Zumarragan eta bai Urretxun, enpresa pribatu bat arduratzen da ur hornidura zerbitzuaz

noticias de noticiasdegipuzkoa