Amaren intxaurrak izena du irritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen azken ikuskizunak Pailazoek Legazpin aurkezten dituzte beraien ikuskizunak eta azken hau azaroaren 25ean aurkeztu zuten, doluari buruzkoa. Ekitaldi hartan intxaurrondo bat oparitu zioten Legazpiko herriari eta Udalari landatzea proposatu zioten. Landatu egingo du, noski. Hala, herritarrek joan zaizkien senitarteko eta lagunak oroitzeko eta beraiekin bizi izandako uneak gogoratzeko toki bat izango dute.

Pailazoen ikuskizunean parte hartu zuten haurrek erabakiko dute zuhaitza non landatu. Udalak proposatutako lau tokien artean, bat hautatu beharko dute.

Horra hor Udalak proposatutako lau aukerak: Mirandaola parkea, Urtatzazahar parkea, Santikutz egoitzako lorategia eta kultur etxearen atzealdea. Aukeraketan Domingo Agirre ikastetxeko Haur Hezkuntza 4 eta 5eko eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek eta Haztegi ikastolako Haur Hezkuntza 4 eta 5eko eta Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek parte hartuko dute.

Botoak emateko epea datorren astelehenean itxiko da. Bozketan parte hartzen duten haurren artean Amaren intxaurrak ikuskizunaren ipuinaren eta diskoaren lau ale zozkatuko dira.

Legazpiko Udalak martxoaren lehen astean emango du ezagutzera zein den haurrek intxaurrondoa landatzeko aukeratu duten tokia. Orduan zehaztuko da intxaurrondoa noiz landatu.