- Berlingo Filarmonikan aurkeztu behar zuen iazko maiatzean Gorka Hermosak Kantabriako Blanchard Strings hari orkestrarekin grabatutako diskoa. Pandemiaren eraginez kontzertua aurtengo martxoaren 12ra atzeratu zen, baina aurtengo emanaldia ere bertan behera geldituko dela dirudi. Hala ere, diskoa argitaratzea erabaki du. Orain arte abestiak plataforma digitaletan bakarrik entzun zitezkeen, baina dagoeneko CDa musikaze.com webgunean eskura daiteke.

Disko honetarako, Hermosak bere abesti kuttunak hautatu ditu eta orkestrarako idatzi. Duela urte ba-tzuk akordeoilari gazte batek lehiaketa bat irabazi zuen eta saria Euskadiko orkestrarekin jotzea izan zen. Hermosaren kanta bat hautatu zuen eta asko gustatu zitzaien. Hala, ordu beteko kontzertua prestatu zuten. Gernikaren bonbardaketaren urteurren egunean jo zuten. Gernika pieza eta beste bederatzi jo zituzten. Hermosaren kontzertu berezienetako bat izan zen eta horren ondoren bere kanta horiek munduko 20 orkestra ezberdinek jo dituzte. Abesti horiek horren azkar zabaldu izanak, disko batean jasotzera bultzatu du.

Hilabete barru Hermosak beste disko bat kaleratuko du. Fragilissimo du izena eta bertan mundu osoan jotzen diren bere beste konposizio batzuk jaso ditu. Horien artean, urteko akordeoi obra onenari saria jaso duten lauak. Datorren hilean aurkeztuko duen diskoa bakarrik grabatu du, beste musikarien lagun-tzarik gabe. “Oso disko intimoa da. Kantabriako unibertsitatean aurkeztuko dut. Niretzat oso esanguratsua eta polita da bertan aurkeztea. Izan ere, akordeoia kaleko instrumentua da eta disko honen aurkezpenean unibertsitatera eramango dut”, aipatu du.