- Goñiren omenezko txapelketako finalak jokatuko dira Zumarragako Beloki pilotalekuan datorren ostiralean, hilaren 16an. Jaialdia 21.30ean hasiko da. Bigarren eta hirugarren partidaren artean, 1970ean Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa irabazi zuten pilotariak eta botileroak omenduko dituzte. Izan ere, gaur garaipen haren 50. urteurrena beteko da. 1971n Zumarragak berriro irabazi zuen Herriartekoa.

Datorren ostiralean txapelketa hura jokatu zuten sei pilotariak eta bi botileroak omenduko dituzte. Botileroak Alejandro Albisua (2012an hil zen) eta Daniel Apaolaza ziren. Pilotariak, berriz, Jon Gar-tziandia, Lazaro Ormazabal (2014an hil zen), Agustin Erostarbe, Jose Mari Sudupe, Jose Luis Idiakez eta Pedro Gordo ziren. Finala Bergarako pilotalekuan jokatu zuten, Seguraren aurka, eta 3 eta 0 nagusitu ziren.

Goñi txapelketako finalei dagokienez, finalerdietako bigarren eta azken jardunaldia asteazkenean jokatu zen. Elite mailako binakako txapelketan, Labakak eta Sarasak 22 eta 13 irabazi zieten Elola eta Aldaberi. Horrenbestez, datorren ostiralean finala jokatuko dute Mata eta Gaskue bikotearen aurka.

Promesa mailako lau t'erdiko txapelketari dagokionez, asteazkenean Oskoz nafarrak 22 eta 19 irabazi zion Altunari. Finala Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko du.

Ohi bezala, Goñi txapelketako partiden aurretik herri mailako txapelketako partida jokatu zen. Urtzelai eta Babarrok 18 eta 16 irabazi zieten Aleman eta Baezi. Horrenbestez, beraiek jokatuko dute herri mailako txapelketako finala, Oliveira eta Cruz iazko txapeldunen aurka. Final hau ere hilaren 16an jokatuko da, beste bien aurretik.

Finalerako sarrerak gaur bertan jarri dira salgai, 8 euroan. Telefonoz salduko dituzte, 685 778 617 zenbakira deituta.