- Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak kontzertua egingo dute bihar, 20.00etan, Bilboko Euskalduna jauregian. Sarrerak Euskalduna jauregiko webgunean jarri dituzte salgai. Hermosak eta Mendizabalek tradizioa eta modernitatea uztartuko dituzte, euskal tradizioko erritmoak eta melodiak Iberiar Penintsulako beste batzuekin, jazzarekin eta musika klasikoarekin nahastuko dituzte. Horretarako, Urretxuko akordeoilariaren obrak joko dituzte. Hermosak hainbat sari irabazi ditu. Azkena, Italiako Castelfidardo herrian. Emanaldi hau Aurrera Fest programaren barne antolatu da.