Urretxuko Udalak abeltzaintza eta nekazal jarduera mantentzeko diru-laguntzak ematen ditu urtero. Aurtengo oinarriak eta deialdia azken osoko bilkuran onartu ditu.

Urretxuko Udalaren dirulagun-tza hauek hainbat helburu dituzte: lehen sektoreari bultzada ematea, herriko landa paisaia mantentzea eta herriko bizilagunek nekazal mundua hobeto ezagutzea eta baloratzea.

Aurtengo aurrekontua 8.000 eurokoa izango da eta ustiaketa bakoitzak 2.000 euro jaso ahal izango ditu, gehienez. Honakoak dira dirulaguntza jasoko duten jardueretako batzuk: ugalketaren kudeaketa (10 euro abelburuko), behi baten lehen intseminazio artifiziala (33 euro), behiei mikrotxipak jartzea (40 euro abelburuko, gehienez), behiei DNA probak egitea (35 euro, gehienez), ukuiluen desinfektatzea, behi, ardi eta zaldiei parasitoak kentzea, txertoen jartzea, hegazti ustiaketen kontrol sanitarioa egiteko analitikak eta hondakinen kudeaketa.

Gipuzkoako ustiaketa erregistroan izena emanda dauden Urretxuko ustiaketen jabeek eskatu ahal izango dute dirulaguntza. Horretarako, oinarrietako baldin-tzak eta osasun araudia bete behar dituzte.

Deialdia Gipuzkoako buletinean argitaratu ondorengo 30 egunetan aurkeztu behar dira dirulaguntza eskaerak. Laguntzaren %75 berehala ordainduko da eta beste %25 fakturak aurkeztu ondoren. Onuradunek dokumentazioa 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu behar dute.

Azkeneko osoko bilkuran egutegi fiskalaren aldaketa ere onartu zen. Martxoaren amaieran Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat neurri onartu zituen, koronabirusaren eragina ahalik eta gehien murrizteko eta ekonomiaren berrindartzea bultzatzeko. Neurri horien artean higiezinen gaineko zerga ordaintzeko epea atzeratzea zegoen. Udalak neurri honekin bat egin du: higiezinen gaineko zerga maiatzaren 15etik uztailaren 1era ordaindu behar zen eta abuztuaren 1etik irailaren 15era ordaintzea onartu du.

Urretxuko Udalak soberakineko 463.000 euro gasta-tzea ere onartu du azkeneko osoko bilkuran. Egun, soberakina 3,6 milioikoa da. 463.000 euro horiekin Pagoetako parkeko obra bukatuko da (93.000 euro), pilotalekuko aldagelen zaharberritzea amaituko da (25.000), Iparragirre plaza berrituko da (42.000), Sarraldeko orubea garbituko da (42.000), koronabirusari aurre egiteko behar den materiala ordainduko da (20.000), merkatariei, ostalariei eta zerbi-tzuen sektoreko langileei lagunduko zaie (130.000) eta Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua handituko da (93.000).