#EitzaChallenge kross herrikoiaren ordez

21.05.2020 | 01:25
Ekitaldia iragartzeko egin duten kartela. Argazkia: Eitzako Jai batzordea

zumarraga – Urtero Eitzako San Isidro jaietako larunbatean kros herrikoia antolatzen dute. Aurten ezin dutenez egin, Eitza Challenge izeneko ekitaldia antolatu dute. Jai batzordeko kideek jendea kilometroak egitera animatu dute eta ondoren kilometro guztiak batuko dituzte. Helburua 20.205 kilometrora heltzea da.

Ekitaldia larunbat honetan izango da, 6.00etatik 23.00etara. Ordu tarte horretan egindako kilometroak batuko dituzte. Korrika, oinez, bizikletan, kalean edo etxean egin daitezke. Erosketak egitera ateratakoan, mendira joandakoan...

Parte-hartzaileek kilometroak neurtzeko erabiltzen duten gailuaren (telefono mugikorra, bizikletaren kilometro neurgailua, korrika egiteko zinta...) pantailaren argazkia atera behar dute eta ondoren sare sozialetara igo, egindako kilometroak erakusten (#EitzaChallenge gehitu behar da eta @eitzakojaiak aipatu). Sare sozialik ez dutenek, egindako kilometro kopurua erakusten duen argazkia eitzakojaiak@gmail.com helbide elektronikora bidali dezakete.