'Balkonin Fest' San Isidro jaien ordez


14.05.2020 | 23:51
Balkoian jaietako bandera jarri duen Eitzako bizilagun bat.

zumarraga – Zumarragako Eitza auzoan gaur eta bihar San Isidro jaiak ospatuko dituzte, baina ez ohiko moduan. Kalean ezin denez festarik egin, balkoian ospatuko dituzte. Balkonin Fest deitu diete.

Ostiralean, 11.00etan, meza egongo da eta kanpaiak joko dira. 18.00etan txokolate-jana egingo dute, mozorrotuta. Bizilagunei argazkiak sare sozialetan elkarbanatzeko eskatu diete. 19.00etan txupinazoa izango da eta jaietako zapia lepoan jarriko dute. Ondoren, balkoietan poteatuko dute eta San Gregorio kalean musika egongo da. 20.00etan txalo egingo dute eta Txoria Txori abestuko dute. Ondoren, DJ Sbansek musika jarriko du San Isidro kalean. Gaurko ekitaldiekin bukatzeko, 21.05ean DJ Kiztek musika jarriko du Busca Sagastizabal kalean.

Larunbatean bi ekitaldi egongo dira: 12.00etan poteoa egingo dute balkoietan eta 20.05ean DJ Rollik musika jarriko du Busca Sagastizabalen.

Gainera, banderak jarri dituzte salgai, balkoietan ipintzeko. Jai batzordeak 200 bandera egin ditu eta dagoeneko ia guztiak saldu dituzte. Auzoko dendetan eros daitezke, 4 euroan. Auzoko balkoi asko jaietako banderarekin apainduta ageri dira dagoeneko.

Zumarragako erdiguneko eta Urretxuko balkoi batzuetan ere Ei-tzako jaietako banderak ikus daitezke. Izan ere, Eitza izaera bereziko auzoa da eta urretxuar eta zumarragar askok oso gustuko dituzte bertako jaiak.