- Atzo bukatu ziren Legazpiko jaiak, Santikutz egunarekin. Ez dago historiako jai onenak izan direla esaterik, baina bai berezienak: koronabirusaren erruz eta legazpinsortzecovidea.eus webgunea abian jarri duten bizilagunei esker. Legazpiarrek jaiak balkoian eta pantailaren aurrean eman dituzte eta musikariek Udalaren kamioiaren gainean.

Atzo, txistulariek kalejira egin zuten, eguerdian Santikutz martxaz eta ezpata dantzaz gozatu ahal izan zen eta arratsaldean Euskaraldia aurkeztu zuten eta sukaldaritza eta mozorro lehiaketen irabazleak zeintzuk izan diren jakitera eman zuten.

Legazpinsortzecovidea ekimena konfinamenduaren hasieran sortu zuten, herriko sortzaileen lanak ezagutzera emateko, herritarrei konfinamendua jasangarriagoa egiteko eta legazpiarren arteko hartu-emanari eusteko.

Azken aste hauetan kontzertuak, dantza saioak, ipuin kontaketak, magia saioak, ikus-entzunezkoak, sukaldaritza saioak, bertso saioak, lehiaketak... eskaini dituzte aipatutako webgunean. Gainera, Santikutz Birus jaiak antolatu dituzte.

Joxe Arizkorreta, legazpinsortzecovidea taldeko kidea, gustura ageri da jaiek eman dutenarekin. "Jendearen parte-hartzea handia izan da. Kamioia hiru aldiz atera dugu, dultzaineroekin, disko festa bat egiteko eta txistulariekin. Jende asko atera da balkoietara. Danborrada eta kantu afaria ere balkoietan egin genituen eta jende askok parte hartu zuen. Sorpresa positiboa hartu dugu. Harrera espero baino hobea izan da".

Legazpinsortzecovidea taldekoak sekulako lana egiten ari dira: herritarrak beraien bideo eta argazkiak bidaltzera animatu, herritarren ekarpenak jaso, editatu eta zabaldu... Sei lagun dira egitasmo hau martxan jarri zutenak: Txetxu Altolagirre, Josu Saez de Nanclares, Iker Azpeitia, Asier Iriondo, Asier Diez eta Arizkorreta. "WhatsApp bidez komunikatzen gara eta bideokonferentzia batzuk ere egin ditugu". Ea aurki aurrez aurre egotea duten!