urretxu - Bihar arratsaldean bi ekitaldi egongo dira Urola Garaiko emakumeen etxean: 17.00etan txokolate-jana egingo dute eta 19.00etan Nathalia Heim artista argentinarraren argazki erakusketaren aurkezpena.

Erakusketa honek Lurraldeak [Territorias] du izenburua eta martxoaren 31 arte egongo da bertan. Ezkioko Igartubeiti baserri museoan uztailean antolatutako Patrim+ mugaz gaindiko egonaldi artistikoaren ondorioa da. Heimek 30 egun eman zituen bertan eta denbora horretan Urola Garaiko eta Goierriko 18 emakumeri elkarrizketak eta argazkiak egin zizkien.

Biharko ekitaldian argazki instalazioaren protagonistek parte hartuko dute: egitasmo honetan bizi izandako esperientziak eta sentipenak azalduko dituzte.

Heimek 18 emakume hauek beraien lurraldearekin duten loturari buruz hausnartu zuen. Guztiei elkarrizketak egin ondoren, bakoi-tzak bere inguruarekin duen lotura argazki batean jaso zuen. Erretratu hauek emakume hauek elkarrizketetan esandakoaren interpretazio poetikoa dira.

Aipatu bezala, Heim-ek burututako lana Patrim+ egitasmoaren egonaldi programa esperimentalaren parte da. Egonaldi hauek Pirinioetako bi aldeetako hiru interpretazio zentro eta museotan egin ziren: Couserans-ekoan (Ariege, Frantzia), Graus-ekoan (Huesca, Espainia) eta Igartubeiti museoan.

Hiru museo hauek antolatutako egonaldi artistikoen helburua jende gehiagorengana heltzea eta beraiekin harremana izatea da. Batez ere gazteekin eta kultura eta artea kontsumitzeko ohitura ez duen jendearekin. Horretaz gain, museoaren inguruarekin eta inguruko jendearekin hartu-emana sustatu nahi izan da, ondarea inspirazio iturri dela aldarrikatu, garapen kultural eta artistikoa sustatu arte garaikidea landa guneetara eramanez eta jendearen izpiritu kritikoa sustatu.

Patrim+ Pirinioeetako bi aldeetako museo eta interpretazio zentroen sarea da. Bere helburua Pirinioetako ondare natural eta kulturala balioan jartzea eta garapen jasangarria sustatzea da. Sare hau Ariege, Haute-Garonne, Hautes-Pyrenees, Euskadi, Aragoi eta Kataluniako hamar museok parte har-tzen dute. Egitasmo honek Europar Batasunaren diru-laguntza du.

Urola Garaiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako arloak, erakusketaz gain, txokolate-jana antolatu du. Helburua emakumeen etxea erabiltzen duten emakumeek elkar ezagutzea da. Geroz eta gehiago dira bertako ikastaro eta taldeetan parte hartzen duten Urola Garaiko bizilagunak, baina askok ez dute elkar ezagutzen. Txokolate-janaren bigarren helburua erakusketaren aurkezpenera jendea erakartzea da.

Urola Garaiko emakumeen etxea Urretxuko Pagoeta auzoan dago, haur eskola zegoen tokian. Aurki lehen urteurrena egingo du.

Zerbitzuak Zerbitzu asko eskain-tzen dituzte bertan. Jabekuntza eskolako ikastaroak, adibidez. Gainera, hainbat talde daude: emakume musulmanena, etorkinena, edertasuna galdu gabe zahartu nahi dutenena... Koordinadora Feministak eta Legazpiko Matraka talde feministak bertan egiten dituzte bilerak eta Alarma Morea taldeak bertan entseatzen du.

Horretaz gain, Berdintasun teknikariek emakumeen etxean lan egiten dute eta zerbitzu juridikoa eta psikologikoa eskaintzen da. Abokatua astelehenetan joaten da emakumeen etxera eta psikologoa astearteetan.