urretxu - Aurten ere MusiKUaldia jaialdia antolatu dute Urretxu eta Zumarragan, Gabonetarako. Hiru kontzertu egongo dira: ostegunean euskal kantugile berriak, ostiralean musika elektronikoa eta larunbatean Mukuru kolektiboko taldeak.

Sortu Dira Besteak kontzertua ostegunean izango da, 19.00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. KKinzona eta Eltzekondo kolektiboek antolatu dute, bi udalen laguntzarekin. Euskal kantugile berriek abestuko dute: Bilau (Ainiza-Monjolos), Mice (Eibar), Kalikotx (Lapurdi eta Behenafarroa), Ibon RG (Sestao), Birkit (Bilbo) eta Ertzak (Bergara eta Zumarraga) taldeek joko dute.

Sarrerei dagokienez, soldatadunek hamar euro ordainduko dute eta soldatagabeek bost euro. Txarteldegia 18.00etan irekiko da. Sarrerak erreserbatzeko kkinzonalibrea@gmail.com helbidera idatzi daiteke.

Ostiralean Kubeats musika elektroniko jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute. Gaztetxean izango da, 18.00etatik aurrera. Jaialdi hau KaleGorrian kolektiboak antolatu du, Eltzekondo eta KKinzona kolektiboen eta udalen lagun-tzarekin. Lumi, Echo, Olor eta Miss Bihotzaren musika entzuteko aukera egongo da. Sarrerak bost euro balio du.

Mukuru festa Bukatzeko, larunbatean Mukuru kolektiboaren festa egingo dute. Mukuru Euskal Herriko musikari ezberdinak biltzeko asmoz sortu zen 2017an. "Indarrak batuz gure sorkuntzak zabaltzeko asmoz sortu genuen Mukuru. Musika industria hegemonikoari alternatiba bat eskaini nahi diogu, sortzailearen eta publikoaren arteko harremana gertukoa eta horizontala izanik. Gure musika bihotzetik egina da: elkar lagunduz, maitatuz, gozatuz...".

Larunbateko festan disko berria aurkeztuko dute eta hurrengo egitasmoen berri emango dute. Kontzertuak ere egongo dira, noski. 12.00etatik aurrera Peru Galbete, Iturria, Isuo eta Kezman eta Paxkal Irigoyenek bi herrietako kaleetan joko dute. 19.00etan Hatxe eta Ekhi Lambertek gaztetxean joko dute. Bukatzeko, 23.00etan Klak!son eta Txost! taldeek joko dute, toki berean. - A.Z.