- Azkoitiko Udalak Hike eizan! Bertsopaper lehiaketaren aurreneko edizioa abiatu zuen martxoan hitanoa berreskuratzeko ideiarekin. Aurkeztutako 24 lanak aztertu ondoren sariketaren epaimahaiak dagoeneko eman du ezagutzera bere erabakia.

Helduen atalean, lehiaketaren lehen saria (500 euro) Eli Pagola hernaniarrarentzat izan da, Tximista eta trumoia lanagatik. Bigarren saria (250 euro) Aimar Goenaga eibartarrak aurkeztutako Amonak bilobari lanarentzat izan da; eta Azkoitia Saria (300 euro) Lide Rekondo herritarrak jaso du, Amonak bere bizitzaren errepasoa egiten dio bilobari lanagatik.

Bertsopaper lehiaketaren gaztetxoen atalean (18 urtetik beherakoei zuzenduta) sari guztiak Azkoitian geratu dira: Naia Arrizabalagak Eten punturik ez izenburuko idatziarekin irabazi du lehen saria (250 euro); bigarrena (125 euro) Oier Juaristik aurkeztutako Denbora azkarregi, goizetik gaueraino lanarentzat izan da; eta Azkoitia Saria (150 euro) Noa Brea, Intza Arrieta eta Maddi Arrieta hirukoteak jaso du taldeka prestatutako Jakara bidaia lanagatik.

Epaimahaiak (Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatu dute) Bertsopaper lehiaketaren aurreneko edizio honetan saritutako lanen kalitatea azpimarratu du.

Hala ere, epaimahaikideek "orokorrean, zenbait kasutan, hitanoaren eta zukaren nahasketa" agertzen dela aipatu dute, "eta hiperritanoa erabiltzeko joera" ere nabarmendu dute.

Edonola ere, Bertsopaper lehiaketaren sari-banaketa hilaren 30ean egingo da, Elkargunean ospatuko den II. Hike eizan! bertso saioaren baitan, hain zuzen ere.