- Azpeitiko herriak Udalak, Arte eta Diseinu Eskolak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatutako I Kaleko Margo Lehiaketa hartuko du datorren maiatzaren 8an. Sariketan adin guztietako zaletuek parte hartu ahalko dute (haur, gaztetxo eta helduentzako atalak izango dira) eta aurkeztutako obra guztiekin (parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahalko ditu) erakusketa bat egokituko da Betharram aretoan, maiatzaren 8tik 15era bitartean, hain zuzen ere.

Azpeitiko I Kaleko Margo Lehiaketa duela bizpahiru urte Arte eta Diseinu Eskolako Miriam Quintanak egindako proposamen batetik osatu da.

Eneritz Albizu, Udaleko Kultura Batzordeburuak, ekimen berri honen aurkezpenean adierazi zuenez, "eskertzen diegu ADIkoei guregana etorri izana eta lehiaketaren antolaketarako hartu duten lana. Nola egin, zer egin... beraiek egin dute dena. Guk lehiaketa egin ahal izateko baliabideak jarri ditugu".

Azpeitian kultur eskaintza aberatsa bada ere, "agian hutsune bat" badela pinturari eta arte plastikoei lotutakoa gaineratu zuen Albizuk, "eta hutsune hori betetzera dator lehiaketa hau".

Sariketaren egunean, lanak "kalean eta Azpeitiko lur eremuaren barne egin beharko dira; edozein teknika edo material erabiliz".

Obrak "nahi eta nahiez, argitaragabeak izan beharko dute" eta lanerako euskarriak (gogorrak izan behar dute) Betharram erakusketa aretoan zigilatuko dira, 9.00etatik 11.00etara bitartean.

Edonola ere, bukatutako lanak Betharram aretoan aurkeztuko dira 13.00etatik 14.00etara bitartean "egilearen datuekin batera"; eta epaimahaiak erabakia hartzen duen bitartean partehartzaile guztientzako luntx-a izango da.

Sariei dagokionez, helduen mailako irabazleak 800 euro irabaziko ditu, bigarren sailkatuak 500 euro eta azpeitiarren artean lan onena aurkezten duenak 300 euro.

16 urtetik beherakoen atalean, berriz, "Arte materialaz osatutako sariak" banatuko dira; 12-16 urte bitarteko eta hamabi urte bitarteko lan onenen egileentzat.

Sari banaketa lehiaketaren egunean bertan egingo da, 14.30ean.