Iker Galartzak argi dauka: Lehendakari gaia

Amezketarraren hitzetan, "komedia zorrotza eta arriskutsua" da Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrarekin taularatuko duen eta "aktorearen lana nolabait festa bilakatzen duen" antzezlan hori.

Lehendakari gaia 19.00etan ikusi ahalko da larunbatean Baztartxoko oholtzan eta bertaratzeko interesa duten guztiek dagoeneko eros ditzakete sarrerak (8 eurotan) www.azkoitia.eus/agenda Interneteko helbidearen bitartez (agortzen ez badira emanaldiaren egunean bertan ere eskuratu ahalko dira antzokiko leihatilan).

Iker Galartzak atzoko aurkezpenean jakinarazi zuenez, "Gure Zirkuak tarte bat utzi didala aprobetxatuz" ekin dio Txalo konpainiaren proiektu berri honi. "Gogotsu" dago antzerkia egiteko eta, nola ez, pandemiak eragindako egoera honetan hain beharrezkoa den barrea "jendeari eragiteko".

Aurretik esan bezala, Lehendakari gaia antzezteko Galartza Zuhaitz Gurrutxagarekin izango da oholtza gainean: "Telebistan topatzen ginen baina Zuhaitzekin lanik egin gabe nengoen aurretik. Bere papera ikaragarria da. Telebistan ikusten dugu ze ondo egiten duen lan, baina esango nuke antzerkian hau dela bere lehen paper handia", esan zuen.

Obra hau prestatzeko, aktoreek bi hilabete luze eman dituzte entseguetan: "Ez dut sekula antzezlan bat hainbeste entseatu. Normalean 20-25 entsegurekin nahikoa izan ohi dut, baina kasu honetan, testu asko dago eta bi gara bakarrik eszenatokian", onartu zuen Galartzak.

Edonola ere, puntu puntuan dute "gutxi gora-behera ordu eta erdiko iraupena" duen antzezlana.

Obra Begoña Bilbaok zuzendua da eta testua Ramon Madaularena da, ondoren Martin Agirrek euskaratua.

Edonola ere, izenburuak dioen moduan, lehendakari izango den gizon baten gorabeheretan oinarritutako antzezlana da: "Herri bat gobernatzeko prest dagoen gizon arrunt bat da, baina ez dakigu benetan horretarako gai izango den. Boterea edukiko duela badaki, baina botere horretara ohitzeko prest egongo ote da?".

Argi dagoena da publikoak barre egiteko aukera ezin hobea izango duela larunbatean Baztartxon.