- Igerilekuko eraikinaren muskulazio gela berritzeko lanak datorren astean egingo dira eta horregatik azpiegitura hori itxita izango da hilaren 24tik 28ra bitartean, Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez.

Udal Kirol Patronatuak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko helburuarekin garatuko den proiektu horren bitartez, "muskulazio gelan gaur egun dagoen makinaria guztia aldatu eta berrituko da".

Igerilekuko muskulazio gela itxita dagoen bitartean, ordea, kiroldegiko muskulazio aretoa erabili ahalko dute bazkideek. Horretarako, aldez aurretik hitzordua telefonoz eskatu beharko da, aforoak errespetatzeko (hitzordua hartzeko 943 813 069 telefono zenbakira deitu beharko da).

Bestsalde, Azpeitiko Kirol Patronatuak bere bazkideekin duen komunikazioa hobetu, azkartu eta errazteko helburua du.

Bide horretan, dagoeneko, Azpeitiko kirol instalakuntzen informazio garrantzitsua bazkideek beren e-postan jasotzeko aukera dute. Horretarako, ordea, bazkideek helbide elektronikoa eman behar dute kiroldegiko edo igerilekuko harreratik pasata, telefonoz deituta edo azpeitiakiroldegiak@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

"Nahikoa da izen abizenak, bazkide zenbakia eta helbide elektronikoa ematea", azaldu dute Azpeitiko Udaletik.