- Orain dela bost urte Azpeitiko hainbat emakume gaztek martxan jarri zuten Basanderiek talde feministak amaitutzat eman du bere zikloa. Taldeko lagunek uztarria.eus web gunean argitaratutako "agur gutun" baten bitartez jakinarazi dutenez, "orain, Azpeitiko emakumeoi dagokigu hemendik aurrera nola antolatu nahi dugun erabakitzea: belaunaldiarteko espazio batean, asanblada moduan, talde moduan... Aukerak irekita dauzkagu eta birsortzeko momentua da".

Hori dela eta, herriko emakume guztien partaidetzari irekita egongo den bilera izango da gaur (17.00etan) Emakumeen Txokoan. Bertan bi gai nagusi izango dituzte hizpide: "Emakumeon Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguneko mobilizazioak eta hemendik aurrerako antolamendua".

Basanderiek talde feminista egindakoarekin "gustura" geratu da baina onartzen du "dena ez dela polita izan". Hala ere, "adin, lanbide, ikasketa, bizi eta pentsamendu ezberdinetako emakumeak" animatu nahi ditu gaurko batzarrera gerturatzera; "denok gure aletxoa jarrita mugimendu feminista bizi bat herrian eraikitzea posible dela uste dugulako".