- Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak antolatzen duten Urteko kirolariak aukeratzeko ekimena berreskuratu du. Hori dela eta, herritarrek eta eragileek beren proposamenak egiteko aukera dute jada (hautagaiak aurkezteko epea hilaren 18ra arte irekita dago).

Udaletik jakinarazi dutenez, hiru hautagai mota aurkez daitezke. Alde batetik, urteko kirolari onena "gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan" izendatzeko (norbanakoak edo taldeak izan daitezke. Eta bestetik, boluntario lanetan aritu direnen artean urteko aipamen berezia emateko (norbanakoak edo lagun-taldeak izan daitezke).

Hautagaiak aurkeztu nahi dituzten herritarrek Udaleko harrera Erregistrotik pasa, kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943 150 095 telefono zenbakira dei egin dezakete. Klubek eta bestelako eragileek, berriz, kirolak@azpeitia.eus helbidera ida-tzi behar dute (eranskina-1 osatuz) proposamenak egiteko.

Udalak eta Kirol mahaiak argi utzi nahi dute "kirol emaitzez gain, bestelako balio eta merituak ere kontuan hartzea garrantzitsua dela proposamenak egiterakoan".

Hautagaiak aurkezteko epea amaituta, jasotako proposamenekin "ikusgai izango den zerrenda bat" osatuko da eta nahi dutenek botoa eman ahal izango dute, hilaren 19tik 29ra bitartean. Herritarrek igerilekuan eta kiroldegian jarriko diren buzoietan, korreo elektronikoz edota lehen aipatutako telefonora deituz eman ahalko dute botoa eta eragileek kirolak@azpeitia.eus helbidearen bitartez.