- Kursaal Kino kultur elkartea 1936ko gerrari buruzko Errebeldeak izeneko filma grabatzen ari da eta proiektuaren arduradunek jakinarazi dutenez, datorren hilabetean Azpeitian hartuko dituzten irudietarako figuranteak behar dituzte.

Grabaketa horiek urriaren 11tik 15era arte, 16an eta 18tik 22ra arte egingo dituzte eta figurante gisa parte hartu nahi dutenek (25 eta 60 urte bitarteko gizonezkoak behar dituzte) dagoeneko eman dezakete casting-erako izena.

Pelikularako figuranteak aukera-tzeko casting hori Laubide jatetxean egingo dute eta interesatuek errebeldeak@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete izena emateko. Hori bai, Kursaal Kino kultur elkarteko kideek aurreratu dute figurante lanak ez dituztela ordainduko.

Edonola ere, 1936ko gerrari buruzko Errebeldeak izeneko filma ez da azken bolada honetan Azpeitian grabatzen ari den ikus-entzunezko bakarra.

Izan ere, Burdinbidearen Euskal Museoa Jose Antonio Carreño zuzendariaren Donde los sueños se hacen realidad pelikularen grabaketa gune bilakatu zen joan den larunbatean (azken urteotan hainbat eta hainbat film grabatu izan dituzte Azpeitiko Trenaren Museoan).

Bestalde, baina zinearekin jarraiki, Loiolako Basilikak hitzordu berezia hartu zuen atzo: Loiolako Inazioren konbertsioa kontatzen duen Iñigo filmaren estreinaldia. Imanol Rayo zinemagile iruindarraren lana da Iñigo eta, nola ez, lan hori osatzeko hainbat irudi Azpeitian hartutakoak dira.