- Txiki txoko ludotekak haur eta gaztetxoekin etorkizuneko Azpeitia amesteko saioa hartu zuen duela zenbait aste, Azpeitia 2030 plan estrategikoa osatzeko prozesuaren baitan. Saio horretan plazaratutako nahi eta eskaeren txostena aztertu ostean, Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia haur eta gaztetxoekin elkartu ziren; "talde bakoitzak Azpeitian amestutako proposamenak gogorarazi eta Udalak epe motzean egiteko dituen ideiak azaleratzeko".

Hala, proposamenak ontzat eman eta gauzatzen ere hasi dira. Udaletik jakinarazi dutenez, "haur txikientzako ez zen parkeren baten falta somatzen dutela adierazi zuten parte-hartze prozesuan izan ziren hainbat gaztetxok eta horri erantzunez, aste honetan bertan, tirolina bat ezarri du Udalak Goenan. Horrekin batera, epe motzean zuhaitz artean jolas ezberdinak ere jarriko dira".

Alkatearen hitzetan, "haurrek ikusi dute beren proposamenak jaso, aztertu, eta herrirako onak direnak egingo ditugula". Bide horretan, beste hainbat eskaerari erantzuteko konpromisoa ere hartu du Udalak eta "uda bitartean" jarriko dira martxan.