- 2020ko beka eskuratu zuten sortzaileek beren lanak aurkeztuko dituzte herriko hainbat lekutan (16.00etatik 20.00etara bitartean). Guztira, hamabi proiektu aurkeztu ziren deialdira eta lau sormen proiektu eta bi egonaldi lagundu ziren iazko bekarekin. Horrela, azpeitiarrek joan den urteko sorkuntza beka jaso zuten proiektuek emandakoa ezagutzeko aukera izango dute gaur.

Iazko Sorkuntza bekari esker garatutako proiektuen aurkezpenekin hasteko, Leire Agirre eta Jone Iruretagoienak Eklektiko artelanak erakutsiko dituzte (16.00etan) Dinamoan (4.000 euro jaso zituzten sormen egonaldia egiteko herrian).

Horren ondoren (16.30ean eta leku berean) Ane Iturriza eta Silvia Izquierdoren testu eta irudiez osatutako Hau ez da haurren kontua ipuin ilustratua ezagutzeko aukera izango da. Haur, gazte eta helduei zuzenduta, irakurtzeko zein entzuteko ipuina da hori eta bere sortzaileek 2.780 euroko beka jaso zuten lan hori aurrera eraman ahal izateko.

Jarraian (17.00etan eta herrian zehar) Elba Azpillagak Azpeitiko balio arkitektonikoa aztertu, sailkatu eta katalogatzeko eginiko prozesua ezagutu ahalko da (proiektua garatzeko 3.508 euro jaso zituen).

18.00etan, berriz, Foru pasealekuko erakusketa aretoan izango da hitzordua. Miriam Quintanak naturako materialekin eta margoekin "jendearen emozioak pizteko" egin duen Bizipenak proiektua aurkeztuko du bertan (3.792 euroko beka jaso zuen).

Horren ondoren (19.00etan) Alots Arregiren Berrogeialdiko koadernoa; tamaina txiki, ertain eta handiko marrazki seriea egiteko proiektua ezagutzeko aukera izango da Dinamoan (1.877 euroko laguntza jaso zuen).

Bukatzeko, Unai Bidasorok bigarren sormen egonaldiaren emaitza den Entresaka proiektua plazaratuko du (19.30ean). Horretarako, 4.000 euro jaso zituen.