- Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak eta Jakin Fundazioak Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola izeneko nazio mailako jardunaldia antolatu dute maiatzaren 28rako. Jardunaldia 9.30etik 13.30era bitartean burutuko da Sanagustin kulturgunean eta bertaratzeko interesa duten guztiek hilaren 20ra arte eman dezakete izena (doanik), bestehamaikabizitzeko@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "kulturaren artikulazioa, egoera soziolinguistiko eta soziopolitikoarekin harremanean doa ezinbestean. Horregatik, eredu eta ibilbide bat baino gehiago dago Euskal Herrian, lekuan leku eraikitzen direlako. Azpeitikoa da horietako bat, herriko eragileen baturatik datorrena, baina badira beste ardatz batzuetan artikulatzen dihardutenak, eta horietako esperientzia praktiko batzuk entzuteko parada egongo da hilaren 28ko jardunaldian".

Azpeitikoaz gain, Durangoko Plateruena kafe antzokiaren, Baiona-Angelu-Biarritz eremuko euskara sarearen, Bertsozale Elkartearen eta Aloze (Zuberoa)-Iruñeko sortzaile-tza komunitarioaren esperientziak ezagutu ahalko dira Sanagustin kulturguneko hitzorduan.

Adituek ere hitz egingo dute, Kultur artikulazioa: zer eta zertarako? izenpean. Lorea Agirre, Jakin Fundazioko zuzendariak, egingo du jardunaldiaren sarrera, eta horren ondoren zazpi lagun ariko dira hizlari lanetan: Harkaitz Zubiri, Maialen Akizu, Enekoitz Esnaola, Ihintza Orbegozo, Eneko Gorri, Miren Artetxe eta Ihitz Iriart.