- Esklabak Iturzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak eraikitzeko obren lehiaketa publikoa Altuna y Uria enpresari esleitu dio Azpeitiko Udalak. Babestutako 67 etxebizitza eraikiko ditu bertan enpresa esleidunak eta egindako aurreikuspenen arabera, 5.961.047 euroko aurrekontua duen obra 18 hilabeteko epean amaituko da.

Azpeitiko Udalak gogorarazi duenez, joan den urteko ekainaren 18an egin zuen 67 etxebizitza horien zozketa, Soreasu antzokian. Egun horretan 39 babes ofizialeko etxebizitza eta erregimen bereziko 28 etxebizitza tasaturen esleipena egin zen.

Etxe guztien salerosketa kontratuak sinatu eta lehiaketa publikoa egin ostean, joan den astean hasi dira etxebizitzak eraikitzen. Aurreikuspenen arabera, "2022. urtearen bukaerarako" amaituta izango dira.

Josu Labaka, Udaleko Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, "bigarren faseko etxebizitza horien exekuzioa abian jarrita, pauso garrantzitsua eman dugu. Etxebizitza publikoen eskaintzat pauso garrantzitsuak ematen ari da Udala, eta horren baitan, garrantzia berezia du Esklabak Iturzulo eremuak". Bide horretan, lehen faseko etxebizitzak "aurreikusitako epeen barruan" eraikitzen ari direla ere azpimarratu nahi izan du.

Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko 48 etxebizitza eraikitzeko lehiaketa publikoa ere abian da urritik, eta epe motzean esleitzea espero du Udalak.

Obren lizitazioa Eusko Jaurlaritza ari da egiten eta 6.472.859 euroko hasierako aurrekontua du.

Guztira 14 proposamen aurkeztu dira eta esleipen prozesua aurrera doa. Lizitatzaileak 48 apartamentu eraiki beharko ditu, gehienez ere 30 hilabeteko epean.