- Azpeitiko Udal langileen “egoera prekarioa” salatu du EAJ-k eta “bere langileei merezi dituzten lan baldintzak ematea” eskatu dio Udalari.

Jeltzaleek gogorarazi dutenez bada hilabete Udalak gaixoaldiak, oporrak edo aldi baterako beharrak betetzeko administrarien lan poltsa osatzeko deialdia publiko egin zuela; oposizio lehiaketa bidez bi lan poltsa osatzeko, alegia: bata administrari orokorrerako eta bestea zenbakietan espezializatuentzako.

EAJ-tik esandakoari eutsiz, “poz hartuko genuke gaur egungo egoera ezagutuko ez bagenu, baina errealitatea da gaur egun lanpostu horiek hutsik daudela edo bitarteko funtzionario batek betetzen dituela”. Gauzak horrela, jeltzaleek ondorengo galdera egiten dute: “ez al da deigarria, Azpeitian gobernatzen duen alderdiak Gipuzkoako Foru Aldundian %40ko interinitatea salatzen duen bitartean, gure udalean %55ekoa onartzea? Zer dago horren guztiaren atzean, bere inguruko jendea libreki okupatzeko asmoa akaso?”.

Urteak dira herrian ez dela lan eskaintza publiko garrantzitsurik egin, eta EAJ-k uste du “badela garaia interinoen lan baldintzak normalizatzeko eta hutsik dauden lanpostuak oposizio baten bitartez betetzeko”. Jeltzaleen ustetan, “hau dana zuzentzeko garaia da. Izan ere, beste batzuen lan baldintza prekarioak salatzeko, aurrena etxeko lanak egin behar dira”.