- Joan den abenduaren 23an Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek Amaren intxaurrak ikuskizunaren bi emanaldi eskaini zituzten Azkoitiko Baztartxo antzokian eta pailazo ezagunek herrira etortzen diren guztietan gertatzen den bezala, saioetara gerturatu ziren txikiek ondo baino hobeto pasa zuten.

Hala ere, abenduko emanaldia ezberdina izan zen. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek doluaren gaia jorratzen dute Amaren intxaurrak beren azken ikuskizunean eta Baztartxon eskainitako emanaldiei amaiera emateko gereziondo bat opartu zioten Udalari, “herriko toki kuttun batean landatzeko” eskatuz. Izan ere, emandako zuhaitza landatzeko aukeratutako lekua “joan zaizkigun lagunak eta haiekin bizi izandako bizipenak oroitzeko tokia izatea” nahi zuten pailazoek.

Mertxe Zubillaga zinegotziak jaso zuen Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Azkoitiko herriari oparitutako landarea eta kokapen ezberdinak aztertu ondoren, azkenean Udal brigadako langileek Jausoroko anbulatorio ondoan landatu zuten.

Hala ere, ekimena ez da landaketan bakarrik geratu, Udalak aste honetan bertan plakatxo bat jarri baitu gereziondoren ondoan. Bertan, ondorengo testua irakur daiteke: Pirritx, Porrotx eta Marimototsek oparitutako zuhaitza. Heriotza eta bizipoza uztartzen ditu. Joan zaizkigun senide eta lagunak eta haiekin bizitakoak gogoan izateko.

Beraz, Azkoitiak badu joan direnak gogoratzeko leku berri bat herrigunean bertan.